"Niki de Saint Phalle" erakusketak 250.000tik gora bisitari izan ditu Guggenheim Bilbao Museoan

Actualizado: viernes, 29 mayo 2015 13:25

BILBO, 29 (EUROPA PRESS)

   Guggenheim Bilbao Museoak "Niki de Saint Phalle" erakusketa ekainaren 7an itxiko du, eta, orain arte, "arrakasta handia" izan du, otsailaren 27an ireki zenetik 250.000 bisitari baino gehiago izan baititu. Erakusketa atzera begirako zabala da, XX. mendeko lehen artista feminista handiaren askotariko lanak hartzen dituena.

   Museo bilbotarrak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, Saint Phalle ezaguna egin zen "Nana" artelan alaiak, "Tiro-margolan" harrigarriak eta espazio publikoetarako artelanak (besteak beste, Toscanako Tarotaren lorategia) zirela eta.

   Erakusketa hori itxi ondoren, ekainaren 9an, "Jeff Koons: atzera begirakoa" irekiko du Guggenheim Museoak. Gure garaiko artearen figura ospetsuenetako bat den Jeff Koons artista estatubatuarraren obran barrena egindako "ibilbide aberatsa" da. New Yorkeko Whitney Museum of American Art museoak Parisko Centre Pompidou eta Guggenheim Bilbao Museoarekin lankidetzan antolatu du erakusketa, eta Bilbon BBVA Fundazioaren babesa du.

   Bestalde, uztailaren 3an, "Jean-Michel Basquiat: Bada garaia" erakusketa irekiko da. New Yorkeko artistari Espainiako Estatuan inoiz eskainitako erakusketarik handiena izango da. Art Gallery of Ontario Kanadako izen handiko erakundeak antolatu du, Guggenheim Bilbao Museoarekin lankidetzan, eta Iberdrolaren babesarekin. Ehun bat lan izango ditu, tartean, formatu handiko pinturak, marrazkiak eta argazkiak, Europako eta Ipar Amerikako bilduma pribatu zein publikoetakoak.