Nikkatsu ekoiztetxe japoniarrari buruzko zikloa izango da AlhondigaBilbaon

Nikkatsu ekoiztetxe filmetako bat
ALHONDIGABILBAO
Actualizado: lunes, 4 marzo 2013 13:22

BILBO, 4 Mar. (EUROPA PRESS) -

AlhondigaBilbao zentroaren Zinematekak ziklo bat eskainiko dio Nikkatsu ekoiztetxe japoniarrari, bere 100 urteurrenean, martxoaren 6tik apirilaren 11ra bitartean.

Japoniako ekoiztetxe zaharrenaren ibilbidea berrikusiko duen ziklo hau Japan Foundation eta Filmoteca Española, Filmoteca de Catalunya, CGAI (Centro Galego de Artes de Imaxe), Filmoteca de Zaragoza eta IVAC -La Filmoteca de Valencia- erakundeekin batera antolatu da. Isaac Monclús eta Amaya Torrecilla dira zikloaren komisario eta koordinatzaileak.

Atzera begirako berriak Michelangelo Antonioniri eskainitako zikloaren ostean dator; 2.500dik gora lagunek ikusi dute zuzendari italiarraren pelikulen errepaso hau. Ziklo honen bidez, zinemagile italiar bikainari mundu zabalean egiten ari zaizkion omenaldi ugariekin bat egin du Zinematekak, haren jaiotzaren mendeurrenean.

AlhondigaBilbaoko iturriek jakinarazi dutenez, Nikkatsu konpainia 1912. urtean sortu zen eta oraindik bizirik darrai, Japoniako zinema emankorraren ekoiztetxe historikoenetarikoa izanik. Ziklo honek, bere ibilbide heterogeneoa islatzearekin batera, publikoaren eta gizartearen gogo, nahi eta eraldaketara nola egokitu zen aurkeztuko du. Bere ibilbide luzean zehar txoko artistiko ezberdinak landu ditu hala nola gazteen zinema, drama soziala, samuraien antzinako filmak, yakuzen zine noir edo uhin berriak.

Horrela, ekoiztetxearen ezaugarriak izango dira zikloaren ardatz nagusiak: antzinako zinema kritika sozialaren alibi gisa; gaztetasunaren ideia amaigabearen birdefinizioa 1950eko hamarkadatik aurrera; emakumeak gizarte japoniarrean duen leku eta papera lantzen dituen aparteko emakume-erretratuen galeria; Ipar Amerikako okupazioaren eragina eta arrasto luzea; yakuza antiheroi gisa.

SATYAJIT RAY

Nikkatsu konpainiaren atzera begirakoaren ostean, AlhondigaBilbaoko Zinematekak Satyajit Ray zinemagile indiarraren ziklo bat antolatuko du. Apirilaren amaieran hasiko da eta Indiako zuzendari garrantzitsuena den egilearen film esanguratsuenak proiektatuko ditu.

Ray (Calcuta 1921-1992) zinemagile emankorra izan zen eta 37 film zuzendu zituen, hala nola fikziozko luzemetraiak, dokumentalak eta film laburrak.

Gizon-orkestra nekaezin honek zuzendaritza, gidoigintza eta 'casting' prozesuak landu zituen maisuki. Horretaz aparte, musika eta kameren mugimenduak arakatu zituen eta bere pelikulen zuzendaritza artiskoan, muntaian, izenburuen sorkuntzan eta publizitatezko materialen eratzean parte hartu zuen. Idazlea, editorea, ilustratzaile, diseinatzaile grafikoa eta zinema kritikoa ere izan zen.

Atzera begirakoak bere pelikula famatu eta garrantzitsuenen hautaketa bat aurkeztuko du, tartean "El mundo de Apu" (1959), "Aparajito" (1957) eta "Pather Panchali" (1955).