Nino Bravo gogoratuko dute igande honetan Bilboko Musika Bandak eta Serafín Zubirik

Actualizado: sábado, 28 febrero 2015 12:17

BILBO, 28 Feb. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udal Musika Bandak eta Serafín Zubiri musikari eta kantariak "Nino Bravo gogoan" kontzertua eskainiko dute igande honetan, martxoaren 1ean, Iñaki Urkizu banda bilbotarreko zuzendariordearen gidaritzapean, Euskalduna jauregian.

Banda bilbotarreko musikariek eta Serafín Zubiri, Felipe Garpe eta Laia Benaches abeslariek omenaldia eskainiko diote Nino Bravo kantari espainiar ospetsuari, haren betiko abestiekin eta haren bizitza pertsonaleko eta profesionaleko proiekzioekin. Sarrerak 5 euro balio du eta Euskaldunako txarteldegian jaso daitezke kontzertuaren egunera arte, bai eta BBK-ko kutxazainetan eta www.euskalduna.net webgunean ere.

Kontzertuan kanta oso ezagunak entzungo dira, hala nola "América", "Un beso y una flor" edo "Noelia". Emanaldia Manuel Alejandrok Bravorentzat idatzitako "Como todos" abestiarekin hasiko da, eta "Libre" ezagunarekin bukatuko.

Luis Manuel Ferri Llopis (Nino Bravo bezala ezaguna) 1944an jaio zen, Ayelo de Malferit herrian (Valentzia). 28 urte baino ez zituela trafiko istripu batean hil zen, baina haren ahots sendoak eta indar interpretatiboak gaur egun bizirik dirauen legenda bihurtu zuten. "Bere bizitza eta ibilbide profesionala eten zituen ezbehar batean hil zen, baina bere oroitzapenak bizirik dirau eta mito bat da belaunaldi askorentzat", adierazi dute Bilboko Musika Bandako iturriek.