Nontzeberri webgune berria martxan da, estilo eta forma berriztatuekin

Nontzeberri berria
WWW.NONTZEBERRI.COM
Actualizado: miércoles, 16 marzo 2011 14:09

BILBO, 16 Mar. (EUROPA PRESS) -

Nontzeberri (www.nontzeberri.com) atari kultural berriztatua abian da, joan den urte osoan bere norabidea zehazten eta taxutzen ibili ondoren. Hainbat aldaketa eginik, estiloz eta formaz, berriztaturik dago orain Nontzeberri webgunea, baina betiko helburua galdu barik, hau da, "gure kultura lau haizetara barreiatzea".

Bere arduradunek adierazi dutenez, Nontzeberrik, "bizitzeko modu kultural bat, kezkabide ezberdinak, kulturaz beteriko mundu horretan gertatzen ari denaz ohartzeko bidea ahalbidetuko du". Hala, "euskal blogosfera osatua", bideorik interesgarrienak eta ikusienak, musika talderik berrienen gaineko informazioa, oso ezagunak diren hainbat lehiaketa eta asteroko elkarrizketa interesgarriak eskainiko ditu. Gainera, zerbitzu berriak ere izango ditu: Infokultura, Asteko Plana eta bannerrak.

Nontzeberriren posta zerrendan alta eman ahal izango dute erabiltzaileek informazio puntuala jasotzeko. Nontzeberriko posta zerrendak azken berri eta ekitaldien inguruan informatzeko bidaltzen dira.

Beste alde batetik, webgune berriarekin batera, Nontzeberri kultura-webguneak kolaboratzaile profesionalak lortzeko lehiaketa abiatu du. Horretarako, kazetaritza lana bidali beharko da apirilaren 15a baino lehen nontzeberri@nontzeberri.com posta elektronikora. Ekimenean kulturarekiko eta komunikazioarekiko zaletasuna duen orok parte har dezake: kazetariak, lizentziatuak, unibertsitarioak, blogger-ak, musika-kritikariak, idazleak, antzerkigileak, artistak, poetak edo zutabegileak.

Epaimahaiak bi kolaboratzaile aukeratuko ditu maiatzaren 15ean, eta 12 artikulu egin beharko dituzte sei hilabetean (hilean bi). Lan horren truke 750 euro (BEZ barne) jasoko ditu bakoitzak.