NZ3T Natur Zientzien III. Topaketa egingo da azaroan, Gasteizen

Natur Zientzien III. Topaketa
UEU
Actualizado: jueves, 20 septiembre 2018 16:27

GASTEIZ, 20 (EUROPA PRESS)

NZ3T Natur Zientzien III. Topaketa izango da azaroaren 17an eta 18an, Gasteizko Europa biltzar jauregian, "Sinbiosian" izenburupean, Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) Natur Zientzien sailak eta Euskal Natura Elkarteak antolatuta. Matrikula egiteko epea irailaren 15ean ireki zen eta azaroaren 9an bukatuko da, antolakuntzako iturriek jakinarazi dutenez.

Natur zientziak eta ingurumen arloko ikerketa taldeetako kideei, unibertsitateko eta Lanbide Heziketako ikasleei, naturaren kudeatzaileei, ingurumen arlorrean eskumenak dituzten erakundeei, natur elkarteetako kideei, naturzaleei, natur hezitzaile eta irakasleei, eta Euskal Herrian naturarekin interesatuta dagoen edonori dago zuzenduta topaketa.

Euskal Herrian naturaren inguruan lanean dabilen jendearen eta naturzaleen elkargune izateko jaio ziren Natur Zientzien Topaketak. Aurreko edizioak 2013an (NZTOPA!) eta 2015ean (NZ2TOPA!) egin ziren, eta alorreko kide asko erakarri zituzten.

Antolatzaileen arabera, naturzaleak askotarikoak diren heinean, haien ekarpenak ingurumenari ere modu ugaritan eman daitezke. Bada, erakundeetako kudeatzaile eta langileak, unibertsitateko ikerlariak eta natur taldeetako kideak bildu eta nork bere jakintza elkarbanatzeko antolatu dira hirugarren topaketak, "hau da, norberak egiten duen lana gainerakoei azalduta elkar elikatzen saiatuko gara".

Horretarako, Euskal Herriko naturan eta zientzian eragin zuzena duten gaiak landuko dira aipaturiko hiru ikuspuntuetako ekarpenak kontuan hartuz: lehen sektorearen erronka, arazo eta irtenbideen inguruan eztabaida da talde txikietan; ehizak sortutako gatazkak ertz guztietatik aztertu eta adostasunak bilatzeko ariketa inplikatuak mahai inguruan jarrita; eta, azkenik, elkar hobeto ezagutzeko eta landutako gaiei buruz aritzeko aukera ezberdinak.

Modu honetan, topaketaren helburuak dira ingurumenari eragile mota bakoitzak egindako ekarpenak partekatzea; ingurumenaren inguruko eragileen arteko elkarlana sustatzea; zientziaren alorreko ondorioak gizarteratzea; euskal naturzaleen arteko saretzea bultzatzea; ingurumen gaiak euskaraz jorratzea; Euskal Herriko herrietako tokiko proiektu eta ekintzak ezagutzera ematea; eta Lanbide Heziketako eta unibertsitateetako ikasleei lan irteeren aniztasuna erakustea.