Ocean Colour Scene eta The Last Internationale, Azkena Rock 2015eko egitaraua osatzeko

Ocean Colour Scene
Foto: LAST TOUR
Actualizado: lunes, 18 mayo 2015 12:29

BILBO, 18 (EUROPA PRESS)

   Ocean Colour Scene eta The Last Internationale taldeekin itxiko da Gasteizko Azkena Rock jaialdiko hamalaugarren edizioaren egitaraua. Jaialdi gasteiztarra ekainaren 19an eta 20an ospatuko da, Mendizabala gunean, eta ZZ Top, Mastodon, Television, L7, D-Generation, Red Fang, OFF!, Wovenhand edo Ceacker moduko taldeak bilduko ditu.

   Last Tour enpresa antolatzaileak jakinarazi duenez, indie britainiarra gailurrean zegoela, 1989an, Birminghamgo hainbat taldetako kideak elkartu eta Ocean Colour Scene sortu zuten. Kaleratutako lehenengo lanak ez zuen espero zuten arrakasta lortu, baina bigarrenarekin halako ospea lortu zuten. "Marching Already" hirugarren diskoarekin behin betiko ezagutzera eman zuten euren burua, Erresuma Batuko zerrendetan ondoz ondoko hainbat astetan lehenengo postuan egon baitziren.

   Hortaz, hamar disko kaleratu eta gero, Simon Fowler eta Steve Cradock musikarien taldeak azken diskoa aurkeztuko du: "Painting". Hala ere, Steve Cradock Mendizabalan ez dela egongo jakinarazi du antolakuntzak, Paul Weller musikariarekin egiten ari den bira dela eta. Beraz, 25 urteko ibilbidea duen Ocean Colour Scene 1990eko hamarkadako britpop eszenan jaiotako taldeen artean oraindik diharduen gutxietako bat Gasteizen izango da.

   Bestalde, rock amerikarra jotzen duen The Last Internationale taldeak laster hasi zuen bere ibilbidea, poesiaz eta kritika sozialez betetako abestiei zein zuzeneko kartsuei esker. Edgey Pires gitarristak eta Delila Paz abeslariak sortu zuten taldea. 2013an EP bat kaleratu eta gero, lehenengo diskoa 2014an etorri zen.

   Orain, The Last Internationale taldeak "We Will Reign" diskoa aurkeztuko du; "Life, Liberty, And The Pursuit Of Indian Blood" eta "Wanted Man" abestiak nabarmentzen dira diskoan, besteak beste.

ARF ROCK PARTY

   Azkena Rock 2015eko egitaraua osatzeko, ARF Rock Party lehiaketako talde irabazleak arituko dira. Mila talde baino gehiagok izena eman zuten eta sei hiri ezberdinetako epaimahai batek aukeratu ditu talde irabazleak.

   Horrela, The Outside Hourse talde katalanak Bartzelonako finala irabazi zuen. Garage rock, blues iluna eta psikodelia nahasten dute, Stooges eta Nick Cave & The Bad Seeds taldeak gogoraraziz.

   Bestalde, Black Horde taldea bigarren geratu zen Vigoko finalean. Gijonen sortu zen eta Amerikako rock eta blues estiloetan dauka eredua, baina, era berean, grunge, metal eta punk estiloak antzematen dira. Azkenik, Madrilgo finaleko hirugarrenak Santiago Konpostelako Madmartin Trio rockabilliak izan ziren.