Oiartzungo Informazio Puntu Turistikoa irekita egongo da irailaren 2ra arte

Actualizado: jueves, 16 agosto 2018 9:34

DONOSTIA, 15 Ago. (EUROPA PRESS) -

Oarsoalde Garapen agentziaren turismo sailetik adierazi dutenez, Oiartzungo (Gipuzkoa) Informazio Puntu Turistikoa irekita egongo den azken asteak dira hauek. Izan ere, iragan uztailaren 2an zabaldu zen, eta datorren irailaren 2ra arte egongo da zabalik. Oiartzungo Doneztebe plazan dago bulegoa, Fermiñene eraikinean, hain zuzen (Aialde, 2). Egunero dago zabalik, 9.00etatik 14.00etara eta 16.00etatik 19.00etara.

Oiartzunek hiru museo ditu: batetik, Soinuenea, Herri Musikaren Txokoa dago; bestetik, Luberri, Ikasgune Geologikoa eta, azkenik, Arditurri Meatze Gunea. Horiez gain, Aiako Harria Parke Naturalaren barruan ibilbide homologatu ugari egin daitezke, baita multzo megalitiko ugari aurkitu ere.

Abuztuan asteazkenero Arditurri Meatze Gunea ezagutzeko eskaintza berezia dago, Oarsoalde Garapen agentziak dioenez. Hala, bai goizez, bai arratsaldez, Doneztebe plazatik irteten da Tren Berdea.