Oihenart Aforismoen I. Lehiaketa antolatu du EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak

Actualizado: domingo, 24 abril 2011 12:59

DONOSTIA, 24 Abr. (EUROPA PRESS) -

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak, Donostiako Euskararen Udal Patronatuaren laguntzarekin, Oihenart Aforismoen I. Lehiaketa jarri du martxam. Modu laburraz azaldutako pentsaerak dira aforismoak, alegia, ideiak agertzeko aski den testua osoa baina motza.

Antolatzaileek adierazi dutenez, literaturan badaude aforismoen "adibide nabarmenak", hala nola kontakizun laburrak, herri-ipuin motzak edo esaera zaharrak. Aforismo bilduma gisa lehiaketara eramateko azken eguna abuztuaren 31 izango da eta lehiaketa gizarte osoari irekia dago.

Lehiaketaren izena Arnaud Oihenart (Maule, 1592 - Donapaleu, 1667) euskal poeta, legegizon, historialari eta politikariari dagokio. Oihenart, Joan Perez de Lazarragarekin batera, ezagutzen den lehen euskal idazle laikoa izan zen. Euskaraz, frantsesez eta latinez idatzi zuen.

"Aforismoa idazkera mota bat da, non paradoxek, iruditegiek, herri jakintzak eta gogo ariketek aurrera egin dezaketen modu egokian. Paremiologian eta Errefrautan haien moduko asko aurkitu arren, aforismoek berrikuntza dakarte berez, eta sortu berriak behar dute izan", esan dute antolatzaileek.

Gainera, saiakerak idazteko "oso genero literario egokia" dela nabarmendu dute, "gogamenari berea ematen baitio, idazkerari behar bezalako trataera duina aitortzen diola". "Horregatik, beharrezkoa iruditu zaigu Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak aforismo lehiaketa hau antolatzea, bide batez, Oihenart idazlearen erreferentzia intelektuala berreskuratuz eta hedatuz", gaineratu dute.