Oiolako (Bizkaia) urtegiko ura kontsumitzeko ona dela adierazi du Eusko Jaurlaritzak

Actualizado: lunes, 30 mayo 2011 13:02

BILBO, 30 May. (EUROPA PRESS) -

Oiolako (Bizkaia) urtegiko ura kontsumitzeko ona dela iritzi dio Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Sailak, eta hori dela eta, berriro ireki du, 2008ko uztailetik urtegia itxita izan ondoren.

Izan ere, 2008ko uztailean, legezkoak baino HCH isomero kantitate zertxobait handiagoak -gehienbat alfa motakoak (lindanoa)- detektatu zituen Osasun Sailak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) horniduretan egin ohi dituen kontrol berezietako batean, Basatxuko (Barakaldo) Edateko Uren Araztegiko andelaren irteeran hartutako lagin batean.

Lindanoa Oiolako urtegitik zetorrela ondorioztatu zen orduko ikerketan, eta, beraz, uraren kalitatea segurtasun osoz bermatzerik izan arte urtegia berehala ixtea erabaki zen, Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Sailetik gogoratu dutenez.

Une hartan egin zen arrisku-analisitik ondorioztatu zen txikia zela HCH isomeroekiko esposizioa urak kutsatuta egon ziren denbora-tartean

(gehienez ere hiru hilabete), osasunerako arriskurik ez zuela eta segurutzat jotzen diren mailen azpitik zegoela.

Arazoa detektatu zenean, arroa zehatz-mehatz aztertu zuten Uraren Euskal Agentziak (URA) eta IHOBEk, kutsaduragune zein zen eta kutsatzailea urtegira iristea zerk eragin zuen jakiteko. Azterketaren emaitzak eskutan, kutsatzailea kontsumoko uretara iristea eragozteko prebentzio-neurri egokienak zein ziren aztertu zuten Barakaldoko Udalak, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak eta Osasun eta Kontsumo Sailak elkarrekin.

Hala, jarduera-protokolo bat ezarri zen, eta hartuneko eta sareko HCH isomeroak detektatzeko kontrolak jarri ziren. 25 ng/L-ko kontzentrazioa gaindituko balitz (teknika horren bidezko detekziorako legeriak ezarritako muga da), urtegia, berriro ere, itxi egingo litzateke kontsumo publikorako.

Esposizio-arriskua ahalik eta txikiena izateko, oso segurtasun-tarte handia jarri zen. Izan ere, 140/2003 Errege Dekretuak 100 ng/L-ko gehienezko balioa jotzen du onargarritzat banaketa-sareko banakako pestizidei dagokienez; protokoloan, ostera, 25 ng/L-ko kontzentrazioa ezarri zen.

Horrela bada, Oiolako urtegia hornidurarako erabili gabe bi urte eta erdi egon ondoren, urtegiko ura gaurtik aurrera kontsumo publikorako erabiltzeko baldintzapeko baimena eman dio Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Sailak Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoari, eta herritarrei jakinarazi die Barakaldoko kontsumoko urak, eta, oro har, Basatxuko Edateko Uren Araztegitik datorren urak Osasunaren Mundu Erakundearen gomendioak eta Europako eta estatuko arautegietan ezarritako kalitateestandarrak betetzen dituela.

Era berean, gogoratu du kontsumoko ura etengabe zaintzapean dagoela -horniduraren kudeatzaileak eta Osasun Sailak egiten dituzte kontrolak-, banatzen den uraren kalitatea une oro bermatzeko.