DONOSTIA 3 Sep. (EUROPA PRESS) -
Sanmarko Mankomunitatea (Gipuzkoa) duela bi aste hasi zen olioa biltzeko edukiontziak jartzen mankomunitatearen eremuko sei herritan, eta dagoeneko erabilgarri dira Errenteria, Pasaia, Lezo, Astigarraga, Urnieta eta Lasarte-Oriako kaleetan jarritako edukiontzi hauek.
Sukaldean erabilitako olioarentzako dira soilik edukiontzi berri hauek, eta autoetako olioa ezin da bertan bota, bi olio mota hauek ezin baitira nahastu. Horrela, sukaldean erabilitako lehengaia alferrik galdu beharrean edo isurbideen bidez ibaiak eta itsasoa kutsatu beharrean, birziklatu egingo da, ibilgailuentzako biodiesel erregai gisa berrerabiltzeko.
Mankomunitateko arduradunek gaur adierazi dutenez, biltzeko prozesua egoki egin dadin herritarrek plastikozko poto itxietan utzi behar dute olioa. Edukiontziok inolako olio isuririk izan ez dezaten eginak badaude ere, beirazko potoetan ez botatzea gomendagarriagoa da.
Herritarrek edukiontzi hauen berri izateko Sanmarko Mankomunitateak informazioa kanpaina abiatu du edukiontziak jarri diren sei herrietan, horrela olio bilketa honekin zerikusirik duen informazioa jasotzen duen eskuorriak banatzen ari da etxez etxe. Olio bilketa berri hau Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzaz egin ahal izan da.
Azkenik, gogoratu dute olioa biltzeko edukiontziez gain, lehendik ere olioa eta beste hondakinak biltzen zituen furgonetak jarraituko duela lehengo zerbitzu bera ematen Sanmarko eremuko herri guztietan.