Ondare Geologikoaren XI. Biltzarra, aste honetan Euskal Kostaldeko Geoparkean

Zumaia izango da biltzarraren gune nagusia
Foto: EUSKAL KOSTALDEKO GEOPARKEA
Actualizado: lunes, 8 junio 2015 11:38

DONOSTIA, 8 (EUROPA PRESS)

   Espainiako Geologia Elkarteko (SGE) Ondare Geologikoaren Batzordearen XI. Biltzarra egingo da Euskal Kostaldeko Geoparkean (Mutriku-Deba-Zumaia) asteartetik larunbatera, ekainaren 9tik 13ra. Biltzarra Zumaian egingo da, hiru kokapen ezberdinetan banaturik: Aita Mari zinea, Kultur Etxea eta Algorri Interpretazio Zentroa. Hain justu, hamargarrena urteurrena ospatzen ari da aurten Algorri Zentroa.

   Euuskal Kostaldeko Geoparkeko arduradunek jakinarazi dutenez, 1994tik, Ondare Geologikoaren Batzordeak estatu mailako biltzar bat egiten du aldiro, ondare geologikoaren kudeaketa integralaren arloan izan diren azken lanak eta ekarpenak aurkezteko, hau da, legeak, naturaguneak, kudeaketarako baliabideak, geokontserbazioa, inbentarioak osatzea eta balorizazioa, geoturismoa, didaktika, dibulgazioa, sentsibilizazioa eta ondasun higigarria.

   Ondare Geologikoaren Batzordeak biltzarra geoparke batean egiten duen aurreneko aldia izango da; "izan ere, susperraldi betean daude gaur egun geoparkeak, ondare geologikoa lurralde baten garapenerako baliabide gisa sustatzeko eta lantzeko aukera bikainak eskaintzen dituztelako, besteak beste", azaldu dute.

   Aurten, gainera, biltzarrak inoizko parte hartzerik handiena izango du, 150 adituk eman baitute izena, Espainiako estatu osotik, Portugaletik eta Hego Amerikatik etorriak.

   SGEko Ondare Geologikoaren Batzordeak eta Euskal Kostaldeko Geoparkeak antolatu dute ekimena, Urdaibai Biosfera Erreserbaren Patronatuarekin batera, eta Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Geologia eta Meatze Institutuak diruz lagundu dute.

EGITARAUA

   Biltzarraren inaugurazio ekitaldia astearte honetan, ekainaren 9an, izango da, 18:30ean, Zumaiako Aita Mari zinean. Bertan izango dira Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregi, Gipuzkoako Foru Aldundiko jarduneko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo diputatu Jon Peli Uriguen. Zumaiako jarduneko alkate Iñaki Agirrezabalaga; Geologia eta Meatze Institutuko ordezkari Angel Garcia-Corte, eta Espainiako Geologia Elkarteko presidente Marcos Aurell.

   Biltzarrak iraungo duen bost egunetan, adituen hitzaldiak, ondare geologikoari eta geoparkeei buruzko ikastaro trinkoa, lanen aurkezpenak eta Geoparkea eta Urdaibaiko Biosfera Erreserba ezagutzeko irteerak egingo dira. Denera 91 lan aurkeztuko dira biltzarrean: 22 ahozkoak izango dira, 65 posterrak eta lau ikus-entzunezkoak.

   Asteartean bertan, ondare geologikoari eta geoparkeei buruzko ikastaro trinko bat izango da, zortzi ordukoa, eta kudeaketarekin lotutako oinarrizko kontzeptuak landuko dira: ondare geologikoaren kudeaketarekin lotutakoak, oro har, eta zehazki, geoparkeen jardunarekin lotutakoak. Ikastaroa Algorri Interpretazio Zentroan egingo da. Hitzaldiei dagokienez, hiru saio egingo dira asteartean, asteazkenean eta ostiralean, ekainaren 9an, 10ean eta 12an, Zumaiako Aita Mari zinean, hainbat adituren eskutik.

   Kanpo irteerak egiteko aukera ere izango dute biltzarrean parte hartuko duten adituek. Euskal Kostaldeko Geoparkea ezagutzeko irteera ostegunean, ekainaren 11n, egingo da, eta biltzarra Urdaibaiko Biosfera Erreserba ezagutzeko irteera batekin amaituko da larunbatean, ekainaren 13an.