Ondareari buruzko Europako Jardunaldiak gaur hasiko dira, etxebizitza ulertzeko modu ezberdinei buruzko hitzaldi batekin

Actualizado: jueves, 2 octubre 2014 10:13

BILBO, 2 Oct. (EUROPA PRESS) -

Ondareari buruzko Europako Jardunaldiak hasiko dira gaur, urriaren 2an, Mikel Unzueta arkeologoak etxebizitza ulertzeko egon diren modu ezberdinak azalduz eskainiko duen hitzaldiarekin. Ekitaldia Bilboko Ondare aretoan izango da, arratsaldeko 19:00etan, Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez.

Guztira, 250 kultur proposamen baino gehiago eskainiko dituzte Ondareari buruzko Europako Jardunaldietan parte hartuko duten Bizkaiko 68 udalerriek. "Bizkaia. Etxez etxe" lelopean, lurraldeko etxeen alderdi formalak, jatorriak, bilakaera eta aldaketaren berri ematea da ekimenaren xedea.

Urrian zehar antolatuko diren jardueren artean bisita gidatuak, erakusketak, agerraldiak eta ibilbideak daude, besteak beste. Horietan, mota guztietako etxeak agerian jarriko dira, hala nola baserriak, dorreak, gazteluak, luxuzko etxe burgesak, berriki eraikitako txaletak eta adosatuak eta jada desagertuta daudenak.

Programaren osagarri, erakusketa bat egingo da Bilboko Ondare aretoan, jardunaldien zabalkundea eta ikusgarritasuna handitzeko asmoz. Aurtengo edizioan 68 udalerrik, 11 museok eta 38 erakunde publikok eta pribatuk hartuko dute parte.