Ondarreta hondartzatik harriak kentzeko lanen bigarren fasea hasiko da asteartean

Ondarretan harriak kentzen
DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: lunes, 3 julio 2017 16:58

DONOSTIA, 3 (EUROPA PRESS)

Donostiako Ondarreta hondartzatik harriak mekanikoki kentzeko lanen bigarren faseari ekingo zaio asteartean, uztailaren 4an. Hondartzak garbitzeko makina bat erabiliko dute txintxorrak biltzeko erabiltzen ari diren harriak kentzeko makinarekin batera, eta jarduera horren bidez 2.000 tona txintxor bilduko direla zenbatetsi da. Egunero lan egingo dute, asteburuetan izan ezik, eta ekintza honen bidez osatuko da maiatzaren 23tik 28ra gauzatutako kanpainaren lehen zatia.

Ernesto Gasco Donbostiako alkateordeak jakinarazi duenez, asteartetik hilaren bukaerara bitartean egingo dira lanak. Gascok azaldu duenez, 700 tona harri kendu ziren maiatzeko kanpainan, eta uztaileko hiru aste hauetan 2.000 tona harri kentzea espero da. "Ondarreta hondartzako egoeraren aurrean, arazo bat zegoela ikusita, jardutea izan da gure xedea", esan du.

Halaber, gogoratu du hondartza garbitzeko prozesuan lau urte beharko direla helburu guztiak lortzeko, eta Espainiako Gobernuko Itsasertzaren eta Itsasoaren Iraunkortasunaren Zuzendaritza Nagusiak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak ere xede hori partekatzen dutela Donostiako Udalarekin.

Hiri Mantentze eta Zerbitzuen Zinegotzigoak, Serkom enpresak (lanez arduratzen den enpresa) eta Aranzadi Zientzia Elkarteak onartutako planean jasota dago harriak kentzeko makina, txintxor handienak kentzen dituena, mareen eta aurreikuspen meteorologikoen arabera egokienak diren egunetan erabiliko dela, eta hilaren bigarren hamabostaldian izango da hori. Horrela, uztailaren 21, 22, 23, 25, 26, 27 eta 28an erabiliko da harriak kentzeko makina, gauez eta goizaldean.

Plan berean azaltzen da hondartzak garbitzeko makina egunez erabiliko dela hondartzetako zerbitzuak hasi baino lehen, eta gauez hilaren 4, 5, 6, 7, 11, 12, 13, 14, 17, 18, 19 eta 20an, hondartzako erabiltzaileei mantentze egoera egokia eskaintzeko. Bi makinen lanekin batera, azterketa topografikoak ere egingo dira.