Ondarroako (Bizkaia) Turismo Bulegoak 5.373 bisitari hartu zituen iaz, azken urteetako kopururik altuena

Actualizado: lunes, 14 febrero 2011 14:01

BILBO, 14 Feb. (EUROPA PRESS) -

Ondarroako (Bizkaia) Turismo Bulegoak 5.373 bisitari hartu zituen 2010. urtean eta, honenbestez, aurreko urteko kopurua %6 hazteaz gain -orduan 5.066 etorri ziren-, azken urteetako zenbatekorik onenak lortu zituen, Ondarroako Udaletik jakinarazi dutenez.

Urtarrilean, ekainean, abuztuan eta azaroan izan ezik, beste hilabete guztietan bisitari gehiago jaso zituen bulegoak. Halere, abuztuan jaitsi egin baziren ere, urteko hilabeterik onena izan zen, 1.421 bisitarirekin -iaz 1.493-, uztailarekin batera, honetan 1.074 lagun pasatu baitziren -iaz 1.064 hilabete berean-.

Ohikoa denez, datu txarrenak urtarrila eta otsailean izan ziren, orduan 94 eta 95 lagun agertu zirelako, hurrenez hurren, aurreko urteko 226 eta 88rekin konparatuz.

Bisitarien jatorriari dagokionez, kontsulta gehien Estatu espainiarretik etorritako turistek egin zituzte (%33), 1.777 lagunekin. 2009an bezala, hauek izan ziren gehiengoa, orduan etorritako 1.536 bisitariak gaindituz. Hauen artean kataluniarrak nagusitu ziren.

Ondarrutarren kontsultak aurten ere bigarren postuan geratu ziren sailkapenean (%24), 1.308 lagunekin, 2009ko 1.419en aldean-. Bestalde Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) bisitariak gehitu egin ziren, 971tik 1.261era, eta %24 izan ziren. Atzerritarren bisitak jaitsi egin ziren, 1.140tik 1.027ra, eta %19 izan ziren, guztien artean frantsesak nagusituz.

BISITA GIDATUAK

Aipatu bezala, datu hauen arabera, bisitarien bilakaera positiboa da, eta azken bost urteetako datu hoberenak jaso dira: 2006an 5.170 bisitari izan ziren; 2007an, 4.497; 2008an, 5.279; 2009an, 5.066, eta 2010ean, 5.373. Hobekuntza hau, besteak beste, iaz garatzen hasi ziren bisita gidatuen proiektuari esker izan da. Hauen liburuxka otsailean atera zen eta difusio planarekin jarraituz turismo azoketara, ikastetxeetara edota enpresa turistikoetara bidali zen. Ondoren jendearen eskaeren arabera bisitak garatzen hasi ziren bulegotik.

Bisitarien interesa nabarmena izan da eta 2009an bost bisita gidatu egin ziren bitartean, iaz 23 egin ziren. Gehienak urrian egin ziren, eta sei bisitatan 189 lagun pasatu ziren. Adinari dagokionez, Ondarroako ikasleak ere igaro badira ere, aipatzekoa da ia bisita guztiak helduen taldeenak izan dira, eta Euskal Herrikoetaz gain, Madril, Castelló edota Ciudad Realeko jendea ere igaro da bertatik.

Jendeari harrera egiteaz gain, beste ekintza batzuk ere antolatu ditu Turismo Bulegoak, eta 2010eko nabarmenena herriko lehen Lore Azoka izan da. Azaroaren 21ean, lore erakustaldiaz gozatu eta erosketak egiteko aukera eskaini zen: sendabelarrak, bonsaiak, landare ekologikoak, kremak eta xaboiak eta beste hainbat produktu ikusteko aukera izan zen. Gainera xaboi tailerra ere egin zen umeentzako eta lore lehorrekin ile-orrazketa bereziak egiteko parada ere izan zen.

Hauez gain, aurreko egunetan bi horma-irudi pintatu zituzten merkatuko plazan Ondarroako 7 emakume en movimiento taldekoek eta herriko ikastetxeetako ikasleekin lore-landaketa bat antolatu zen Itsasaurre plazan.