BILBO 2 Sep. (EUROPA PRESS) -
Ondarroako Udalak (Bizkaia) 1,5 milioi euroko inbertsio berriak onartu ditu 2010. urteko ekitaldirako. Aurrekontu aldaketa baten bitartez aurtengo kredituak gehitu egin dira. Aldaketarik aipagarrienak Zaldupe futbol-zelaiaren eranskinaren egokitze-lanen lehen faseari dagozkionak dira, eta proiektuaren aldaketa ere aurreikusten du, guztira, 677.000 euroko balioarekin.
Horrez gain, hiri zeharbidearen hobekuntza eta modernizazioak kontu berri hauen zati handi bat jasoko du, izan ere San Ignazioko zeharbidea egiteko 400.000 euro gehiago izango dira eta Kantoipe-Artabide 7 zenbakira bitarteko zeharbidea egiteko beste 390.000 euro, Ondarroako Udaletik gaur jakinarazi dutenez.
Zaldupe futbol-zelaiaren eranskinaren egokitze-lanen lehen faseari dagokionez, lanek eranskinaren ingurua urbanizatzea aurreikusten dute eta bertan futbol 7ko belar artifizialeko zelai bat egitea. Bigarren fase batean, 2011ko lehen lauhilabetekoan zehar, aldagelak eta inguruan haurrentzako jolasgune bat egingo dira. Lehen faseko lanok egiteko epea hiru hilabetekoa izango da.
Beste alde batetik, Kantoipe 16 eta Artabide eta Antiguako Ama kaleen arteko bidegurutzearen arteko hiri zeharbidearen hobekuntza eta egokitze-lanek bertako akabera orokorrak ordeztea aurreikusten dute, Kantoipen eta alde zahar guztian jarritako zeharbidean daudenekin berdinduz.
Gainera, argiteria berrituko da eta bertako gune eta zerbitzu batzuetan hobekuntza puntual batzuk egingo dira. Lanotan alde zaharrerako sarrera kontrolatzeko gontzak jarriko dira, bata Kamiñalden eta bigarren bat Iparragirren (postontzian). Lanak amaitzeko epea lau hilabetekoa izango da.
Hirugarren egitasmo handia San Ignazio kaleko 38 ataritik Ibaiondo kaleraino egingo diren urbanizazio lanak izango dira. Kale honetan oraintsu konpondu ziren espaloia eta aparkalekuak atari bikoitien aldean eta, beraz, egoera onean daude. Horregatik oraingoan atari bakoitien aldean baino ez dira egingo hobekuntza lanak eta errepidea asfaltatuko da. Lanak burutzeko epea sei hilabete ingurukoa izan daiteke.