Ondarroako Udalak 83 urtetik gorako biztanleen etxeetan suteak antzemateko gailuak dohain jartzeko aukera emango du

Actualizado: viernes, 4 marzo 2011 17:21

BILBO, 4 Mar. (EUROPA PRESS) -

Ondarroako Udalak (Bizkaia) herriko pertsona nagusien etxebizitzetako segurtasuna hobetzeko ekimen bat jarri du abian, eta bakarrik edo adinekoekin bizi diren 83 urte edo gehiagoko herritarrei etxeetan gerta daitezkeen suteak antzemateko gailuak jartzeko aukera emango die doan, hala nahi badute.

Ekimen honen bitartez, Ondarroako Udalak etxeetan gerta daitezkeen mota honetako ezbeharrak aurretiaz antzeman nahi ditu edo, gertatzekotan, honi ahalik eta arinen aurre egiteko erreakzio denbora gutxitu nahi du.

Prozesua bihar bertan jarriko da martxan, ehun pertsona ingururi honen inguruko informazioa ematen duten gutunak botaz. Udalak adin honetako jendearen azterketa zehatza egin du eta kopuru honek betetzen ditu lehen aipatutako ezaugarriak, hau da, bakarrik edota adin handiko beste pertsona batekin bizi direla.

Gutunak jaso ostean, jasotzen dutenak prozesua gauzatuko duen enpresarekin kontaktuan jarri ahal izango dira gailu hauek jartzea nahi duten ala ez jakinarazteko. Hala ere, hau ez da derrigorrezkoa izango, izan ere, hamar eguneko epean teknikari batzuk euren etxeetara joango dira, behar den moduan identifikatuta, biztanleen nahia jakiteko eta pisuaren ezaugarriak ezagutzeko. Suteak antzemateko gailuak jartzeko leku aproposak aztertu ez ezik, larrialdietan ebakuazioa errazteko krokis zehatzak ere egingo dituzte.

Gailuaren instalazioa, betiere onuradunen baimena izan ezkero, gehienez bi asteko epean egingo da, beraz, Ondarroan gauzatuko den prozesu osoa hilabete amaierarako amaituta egongo litzateke. Lan hau egiteko ez da inolako obrarik egin beharko etxeetan, eta instalazioa guztiz doan izango da etxebizitza jabeentzat, izan ere gastu guztiak Ondarroako Udalak bere gain hartuko ditu, hain zuzen ere 125 euro gailu bakoitza jartzeagatik.

Ekimenak izango duen harreraren arabera, Udalak ez du baztertzen eskaintza hau zabaltzea orain arte ezarri den adina baino gazteagoak direnei honako fase hau amaitzen denean.