"Oporrak Bakean" programak Donostiako 20 familiaren laguntza eskatu du udarako

Neskato sahararrak Donostian
DONOSTIAKO UDALA
Actualizado: viernes, 16 febrero 2018 13:58

DONOSTIA, 16 (EUROPA PRESS)

"Oporrak Bakean" programaren arduradunek Donostiako 20 familiaren laguntza eskatu dute udarako. Horrela, bi hiltzaldi antolatu dira, otsailaren 20rako eta martxoaren 15erako, saharar haurrei harrera egiteko programari buruzko azalpenak emateko, Donostiako Udalak jakinarazi duenez.

Donostiako Udaleko Lankidetza Atalak duyela 32 urte abiatu zuen "Oporrak Bakean" programa, Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren Lagunen Elkartearen eta Fronte Polisarioaren lankidetzarekin. Ekimenaren bidez, 10 eta 12 urte arteko Saharako 30 bat neska-mutil hartzen dira donostiar familietan, udako bi hilabetetan.

Programaren helburua da adingabeek kanpamentuetan bizi dituzten baldintza gogorrak ahal den neurrian arintzea. Donostian dauden bitartean, mediku azterketak egiten zaizkie, denetarik jaten duten eta, batez ere, desertuaz bestelako ingurune bat ezagutzen dute.

2018ko udarako helburua da Euskal Autonomia Erkidego (EAE) osoan 300 haur hartzea. Kopuru "handinahia" da hori, urtez urte gutxituz baitoa harrera kopurua, hartarako familiarik ez dagoela eta. Hala ere, Donostian 30 adingabe hartzeko apustuari eutsi diote, eta, horretarako, harrerako 20 familia berri behar dira. Hain zuzen, haur txikienek behar dute etxea uda honetarako, lehenengoz kanpamentutik aterako direnek, hain zuzen.

"Zoritxarrez, herri honen egoerak ez du hobera egin, eta aurten ere beharrezkoa izan da programa abian jartzea, Saharako herria, oraindik ere, egoera guztiz latzean bizi baita Tindoufeko herritar errefuxiatuen kanpamenduetan, betiere laguntza humanitarioaren mende soilik, jada 41 urte irauten duen egoera guztiz bidegabe batean. Jadanik 42 urte beteko dituen bidegabekeria hori salatu nahi dugu", azaldu du.