Orkestrak "Business Angels Crecer+" kluba jarri du abian EAEn ekosistema ekintzailea indartzeko

Actualizado: jueves, 3 febrero 2011 15:07

BILBO, 3 Feb. (EUROPA PRESS) -

Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuak "Business Angels Crecer+" deritzon kluba aurkeztu du gaur. Ekimenaren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) hazteko potentzial handia duten proiektu berritzaileetan interesa izan lezaketen inbertitzaileen sarea sortzea.

Klubak prestakuntza eskainiko die inbertitzaileei, lege aholkularitza emango du, arrisku kapitaleko enpresen eta beste inbertitzaileen arteko harremanak landuko ditu proiektuetan baterako inbertsio aukerak aurkitzeko eta hazteko potentziala duten arloetan eta proiektuetan jakite aditua eskainiko du.

Gainera, "business angels"-en nazioarteko sareetarako sarbidea ere izango da, European Business Angel Network (EBAN) edo European Venture Capital Association elkarteekin dituen itunen bidez.

"Business Angels Crecer+" klubak, aldiro-aldiro, inbertsio foroak antolatuko ditu inbertitzaileen eta proiektu berritzaileak dituzten ekintzaileen arteko harremanak errazteko. Horrela, "erreferentziako topagune izan nahi du enpresa berritzaileak sortu dituzten ekintzaileen eta jakiteak, esperientzia eta finantzaketa eskaintzen duten inbertsiogileen artean, proiektu ekintzaileen eskala (tokikoa eta nazioartekoa) handitzen laguntzeko eta enpresaren gaur egungo errentagarritasuna handitzeko", Orkestrako arduradunek adierazi dutenez.

Ekimena "Crecer+" plataformaren baitan dago. EAEn ekosistema ekintzaile dinamikoa sendotzeko helburu du plataformak, eta horretarako, ekintzaileen, "business angels"-en eta erakundeetako eragile gakoen arteko harremanak errazten ditu.

"Crecer+" plataforma Orkestraren ekimena da. Plataformaren helburua da hazteko potentzial handiko negozio berriak bideratzen eta sendotzen laguntzea, etapa gakoetan bereziki, besteak beste, antolatu gabeko inbertsio merkatuetan finantzaketa bilatzea ezaugarri dutenak.

Plataforma 2010eko maiatzean jarri zen abian, hazteko potentzial handiko ekintzaileei laguntzera bideratutako proiektuarekin (Crecer+ Ekintzaileak). Besteren artean, negozio kanpora irekitzen lagundu nahi da, edo inbertsioa erakartzen aholkularitzaz baliatuz, negozio eredua adituekin alderatzera bideratutako jarduerak edo nazioarteko merkatuetara bideratzeko ekintzak.

"Business Angels Crecer+" kluba abian jartzean, plataformak bere helburua saendotzen du tokiko ekonomia ekintzaileko eragileak antolatuz eta lagunduz EAEn oparotasunean aurrera egin ahal izateko.