"Orm Elurretako Erresuman" filma euskaraz estreinatuko da ostiralean

Filmaren kartela
ZINEUSKADI
Actualizado: martes, 10 enero 2017 13:15

BILBO, 10 (EUROPA PRESS)

"Orm Elurretako Erresuman" (The Snow Queen 2) filma euskaraz iritsiko da zinema aretoetara ostiralean, urtarrilaren 13an, Zineuskadi elkarteak sustatzen duen Zinema Euskaraz programari esker. Aurten Zinema Euskaraz programaren baitan estreinatuko den lehen pelikula Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako bederatzi zinema aretotan ikusteko aukera izango da euskaraz.

Hain zuzen, Durangon (Zugaza), Bilbon (Multis), Getxon (Zinema), Gasteizen (Yelmo Boulevard), Barakaldon (Yelmo Megapark eta Cinesa Max Ocio), Portugaleten (Dock), Eibarren (Coliseo) eta Donostian (Printzipe) ikusi ahalko da filma euskaraz, Zineuskadik jakinarazi duenez.

Alexey Tsitsilin errusiarrak zuzendutako filmak Elurretako Erreginaren inguruko kontakizuna egiten du. Elurretako Erregina garaitu egin dute, eta hotz egunak amaituta, trolak bakean eta askatasunean bizi dira. Orm trol horietako bat da, eta atsekabetuta dago, erregina maltzurra garaitzeko funtsezkoa izan arren, merezitako aitortzarik jaso ez duelako.

Ormek heroia izan nahi du, eta garaipenaren kontakizuna gezur txikiekin puzten hasten da eta bere burua eskaintzen du printzesa erreinutik libratzeko eta, bide batez, inoiz izan ez den heroia bihurtzeko. Elurretan barrena abiatzen da lagunekin abentura arriskutsuak bizitzera. Bidaian ohartuko da heroia izatea baino garrantzitsuagoa dela bere buruarekin eta lagunekin zintzo jokatzea, eta merezi duten pertsonen alde borrokatzea.

Zinema Euskaraz programak herritarren eskura euskal balio zinematografikoak sustatu, euskararen erabilera komunikazio kultural gisa erabili eta aisialdi arloan normalizazioa bultzatuko duen filma sorta jartzea du helburu. "ORM Elurretako Erresuman" (The Snow Queen 2) aurten diruz laguntzen den lehen filma da.

Aurreko urtean 14 filmek jaso zuten laguntza: "Laban", "Zikoinak", "Printze Txikia", "Phantom Boy", "Iparraldeko Norman", "Egun handia", "Oker", "Tximinoen Erresuma", "Zipi eta Zape eta Kapitainaren irla", "K2. Zeru ukitzen", "Mustang", "Albert", "Ozzy" eta "Axel, heroi txikia" izan ziren.