Osakidetzako 1.000 lanpostuko lan eskaintza publikoaren oinarriak argitaratu ditu EHAAk

Galdakaoko Ospitalea
Foto: OSAKIDETZA
Actualizado: miércoles, 3 junio 2015 13:32

BILBO, 3 (EUROPA PRESS)

   Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA) Osakidetzako 2014-2015 ekitaldiko Lan Eskaintza Publikoko deialdiaren oinarri orokorrak eta espezifikoak argitaratu ditu asteazken honetan. Lan eskaintza Osakidetzako Administrazio Kontseiluak onartu zuen, eta guztira, 1.014 lanpostu eskaintzen ditu, hau da, legeak baimendutako gehienekoa.

   Beraz, Osakidetzak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, ostegunetik aurrera, lan eskaintza publiko horretan parte hartzeko interesa duten guztiek hilabeteko epea dute eskabidea aurkezteko. Horretarako, Osakidetzaren webgunean eskabidea on line helarazi behar dute.

   Lan eskaintzak bederatzi lanbide-kategoria hartzen ditu barruan: familiako medikuak, pediatrak, erizainak, fisioterapeutak, emaginak, laborategiko teknikariak, erizaintzako laguntzaileak, administrari laguntzaileak eta zeladoreak. Beste kategoriak 2016ko lan eskaintza publikoan sartuko dira, non beste 1.000 bat lanpostu aurreikusi baitira.

   Osakidetzako Zuzendaritzak aurkezturiko oinarri orokorren proposamenaren berritasun nagusien artean, hautaketa prozesuaren gardentasuna bermatzera zuzenduriko neurriak egituratzea dago. Ildo horretan, Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendaritzak beharrezko bitarteko teknikoak erraztuko ditu, bai eta epaimahai kalifikatzaileen dokumentu, akordio eta akten laburpenak emango ere, interesdunek aukera izan dezaten alegatu dituzten merituen balioztatzearen xehetasunak ezagutzeko.

   Halaber, beste berritasun bat da berme neurri bat sartu dela izangaiek behin behinean esleitu zaien puntu kopurua berrikusteko eskatu ahal izan dezaten, helmuga aukera duten izangaien behin betiko zerrenda argitaratu aurretik. Gainera, langileen ordezkari batek epaimahai kalifikatzaileko kide gisa parte hartuko du.

BESTE URRATS BAT

   EHAAn oinarriak argitaratzearekin batera, lan eskaintza deitzeko derrigor eman beharreko beste urrats bat eman du Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak. Lan eskaintza Zuzendaritzak sindikatuei eginiko eskaintza globalaren zati bat da: eskaintza horrekin batera, 2016rako lan eskaintza publiko bat ere sartzen da. Guztira, 2.000tik gora lanpostu eskainiko dira, hau da, lanpostu hutsen kopuru osoa.

   Izan ere, Osakidetzako Zuzendaritzak erabaki du "ez duela galduko interesa duten pertsonei milatik gora lanpostu eskaintzeko aukera, eta, hortaz, aurrera jarraitu du, lan eskaintza publikoa ateratzeko bete beharreko legezko eskakizunak betez".

   Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendari Jose Maria Armentiak nabarmendu du Osakidetzak aurten eta datorren urtean guztira proposatuko dituen hiru lan eskaintza publikoak "eskaintza oso garrantzitsua" direla "Osakidetzako pertsonala gaztetzeko eta ikasketak amaitu eta lanean hasi nahi duten euskal gazteen artean osasun lanpostuen alde egiteko".