Osasun Sailak 256.000 euro banatuko ditu 84 toki erakunderen artean, ariketa fisikoa sustatzeko proiektuak egiteko

Actualizado: jueves, 27 noviembre 2014 17:07
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 27 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 256.700 euro bideratuko ditu diru laguntzetan Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 84 toki erakunderen artean, ariketa fisikoa sustatzeko proiektuak egin ditzaten. Diruz lagundutako proiektuetatik 17 Araban, 32 Gipuzkoan eta 35 Bizkaian egingo dituzte.

   Egitasmo horien artean, alde batetik, aisialdi aktiboa sustatzeko hirigunean eta hiriaren inguruan oinezkoentzako ibilbideak eta pasealekuak prestatzeko eta dinamizatzeko programak eta jarduerak daude. Ibilbide eta pasealekuek seguruak izan beharko dute, behar bezala seinaleztatuta egon beharko dute eta herritar orok erabili ahalko ditu.

   Beste alde batetik, oinezkoentzako ibilbide sareak prestatzeko eta dinamizatzeko programak eta jarduerak ere diruz lagunduko dira. Ibilbide sareek seguruak izan beharko dute, behar bezala seinaleztatuta egon beharko dute eta ikastetxeetara eta industrialdeetara iritsiko dira, ohiko joan-etorrietan mugikortasun aktiboa sustatzeko.

   Proiektu hauetako laguntza Osasun Sailaren jarduera fisikoa bultzatzeko estrategiaren barruan dago. Horretarako, eta helburu horrekin hainbat ekintza egiten ari dira. Halaber, 2013-2020 aldirako Osasun Planaren barruan eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak gizarte aktiboago bat sortzeko egindako Mugiment Plan estrategikoaren barruan ere daude.

   Helburu hau lortzeko Osasun Sailak hainbat ekintza abiarazu ditu, besteak beste, tokiko eragileak sentsibilizatzeko eta gaitzeko prestakuntza tailerrak, ekimen aktiboak sustatzean modu koordinatuan jardunaritu daitezen eta zenbait helburu eta xede komun eduki ditzaten ere, komunitateko osasunaren alde eta, kasu honetan, jarduera fisikoa bultzatzeko.

AHALEGINAK BATERATU

   Osasun Sailaren arabera, jarduera fisikoa sustatuko bada, hainbat sektoreren eta adituren ahaleginak bateratu behar dira, bai eta tokiko eta komunitateko lana ere, eta horrela jasota dago Eusko Jaurlaritzaren 2013-2020 aldirako Osasun Planean.

   Osasunerako Mundu Erakundeak behin eta berriro jakinarazi duenez, jarduera fisikorik ez egitea da, herrialde garatuetan, gaixotasun kronikoen garapenaren eragile nagusietako bat. Jarduera fisikorik eza da, halaber, hilkortasunaren laugarren faktorea mundu osoan (munduko heriotzen %6), eta hipertentsioa (%13), tabakoa (%9) eta odoleko gehiegizko glukosa (%6) baino ez ditu aurretik.

   Euskadin egindako osasunari buruzko azken inkestaren arabera, gizonen %20,2k eta emakumeen %26,9k ez dute jarduerarik egiten eguneroko bizitzan.

   Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Jon Darpónek adierazi duenez, "jarduera fisikoak eginkizun garrantzitsua du gaixotasunen prebentzioan, eta pertsonen osasunean duen eragin positiboak ekonomian, hezkuntzan edo enpleguan ere badu bere isla, besteak beste", eta, ondorioz, "jarduera fisikoren bat egiten duten eta bizi ohitura osasungarriak dituzten pertsonen kopurua handitzea bereziki garrantzitsua da osasuneko emaitzak hobetzeko".

   Horregatik, jarduerarik ezaren oraingo portzentajea %10 eta %15 artean murrizteko ekimenak eta ekintzak lantzen ari da Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila, betiere ingurune eta bizi estilo osasungarriak sustatzearekin batera, lehentasunezko arlotzat hartuta baitago Osasun Planean.