Oscar Farinetti ekintzaile italiarrak Basque Country-Culinary Action I. Saria jasoko du

Actualizado: lunes, 2 febrero 2015 14:33
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

DONOSTIA, 2 (EUROPA PRESS)

   Culinary Action Ekintzaileen Nazioarteko II. Foroa egingo du datozen ostegun eta ostiralean, otsailaren 5ean eta 6an, Basque Culinary Centerrek, gastronomiari eta elikadurari lotutako ekintzailetza eta negozio berriak sustatzeko helburuarekin. Ekintzaile gaitasunak hobetzeko zortzi lantegi eta nazioarteko dozena bat ekintzaile arrakastatsu izango dira topaketan, eta horietako batek, Oscar Farinetti italiarrak, Basque Culinary Centerrek eta HAZIk sortutako Basque Country-Culinary Action I. Saria jasoko du.

   Saria ostegunean emango diote Farinettiri, 11:30ean, Basque Culinary Centerreko zuzendari Joxe Mari Aizegak eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde Bittor Orozek, HAZIko lehendakaria den aldetik. Farinetti italiar ekintzailea da: Eataly sortu du, azken hamarkadan mundu zabalean arrakasta gehien izan duen kontzeptu gastronomikoetako bat. Eataly merkataritza zentroez osatutako sare bat da, italiar gastronomia esportatzeko. Zazpi urtetan, 27 gune gastronomiko sortu ditu mundu zabalean.

   Etxetresna elektrikoen sektorean enpresa ibilbide arrakastatsua izan ondoren, 2007ko urtarrilean, Farinettik lehen denda ireki zuen, ia 3.000 metro koadrokoa, Turinen (Italia). Horretan, Europako merkatu irekiaren eta ikaskuntza zentroaren kontzeptuak uztatu ditu. Helburua da Italiako kalitate handiko produktuak mundu guztiaren esku egotea, produktuok erosi, dastatu eta haiei buruz ikas daitekeen guneetan.

   HAZI korporazioak -Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren mendeko landa, itsasertz eta elikagaien garapenerako enpresa publikoak- eta Basque Culinary Centerrek lankidetza hitzarmena sinatu dute, Euskadiko produktuak sustatzeko eta nekazaritzako elikagaien eta gastronomiaren alorreko ekintzailetza eta proiektu nahiz negozio berriak bultzatzeko.

   Helburu horrekin, bi erakundeek honako ekintza hauek bultzatuko dituzte: Ekintzaileen Nazioarteko Foroa, lantegiak, hitzartutako gaiei buruzko mintegiak, negozio berrietarako inkubagailu berria, inkubatutako proiektuak abian jarri eta garatzeko laguntzak, ekintzaileentzako albiste zerbitzua eta ekintzaileentzako Basque Country-Culinary Action saria, ekintzaile ibilbideagatik erreferenteak diren eta nazioarteko lorpenak dituzten ekintzaile ospetsuak saritzeko.

CULINARY ACTION

   Culinary Action II. Foroaren helburu nagusia da talentua sustatzea eta ekintzaile eta liderrez osatutako taldeak bilatzea, ingurunean proiektu ekintzaile berriak bultzatzeko, betiere zaletasun bat oinarri hartuta: elikadura eta gastronomia. Zenbait lantegi dinamikoren bidez, parte hartzaileek eztabaidatu eta gogoeta egingo dute talde txikietan elikaduraren joerei buruz eta negozio eta finantzaketa eredu berriak ikasiko dituzte, adituen laguntzarekin.

   Hala, hainbat irakaslek eta adituk negozio ideien diseinua, digitalizazioa, negozio salmenta edo ideia berrien sorrera bezalako kontzeptuak landuko dituzte, parte hartzaileen ekintzaile gaitasunak hobetzeko. Jarduera horiek talde txikietan gauzatuko dira, tratu pertsonalizatua eskaintzeko eta negozio edo ideia pertsonaletan hainbat metodologia aplikatuz denbora hobeto aprobetxatzeko.

   Culinary Action II. Foroan parte hartuko dutenen artean nazioarteko gastronomiaren alorreko izen hauek daude: Paco Morales sukaldaria, Oscar Farinetti (Eatlyren sortzailea), Claus Meyer (Nomaren sortzaileetako bat), Edgar Núñez (Mexikoko mugimendu gastronomiko berriaren bultzatzailea), Susanne Hovmand (Danimarkan nekazaritza ulertzeko sistema berri baten sortzailea) eta Patrick dela Cueva (negozio eta produktu berriak bilatzen dituen berritzailea).

   Basque Culinary Centerren erronka horren laguntzaileak Donostiako Sustapena eta GuztiONA klusterra -nekazaritza arloko 130 eragile hartzen ditu barne- dira, eta babeslea Heineken taldea.