Ostiralean amaituko da 2011ko Bilboko aratusteetako kartel lehiaketara aurkezteko epea

Actualizado: miércoles, 19 enero 2011 12:15

BILBO, 19 Ene. (EUROPA PRESS) -

Ostiral honetan bukatuko da 2011. urteko Bilboko Aratuste Jaietako Batzordeak jaiok iragarriko dituen kartela aukeratzeko deitu duen lehiaketara lanak aurkezteko epea.

Antolatzaileek adierazi dutenez, egile bakoitzak lan bi aurkeztu ditzake gehienez ere, eta kartela 70 cm x 50 cm neurrikoa izango da. Luma-kartoi gainean eta kristalik gabe aurkeztu behar da derrigorrean; CD batean hiru digitalizazio, 200 kb-ko JPG bat, MB1-eko beste JPG bat, eta azken inpresioaren tamainako erresoluzio altuko PDF bat.

Kolorea eta teknika aukerakoa izango dira, eta obrek originalak izan behar dute. Karteleko testua hau izango da: BILBAO 2011. ARATUSTEAK/CARNAVALES. Martxoak 4 - 8 Marzo. Turismo eta Jaietako Sailan aurkeztu behar dira lanak, Zabalguneko enparantzan.

Lanak goiburuarekin eta egilearen izenperik gabe aurkeztu beharko dira. Goiburu bera daraman gutunazal itxi batean egilea nor den jakiteko datuak adieraziko dira, bai eta curriculum laburra eta telefono zenbakia ere.

Lehiaketaren irabazleak 2.000 euro jasoko ditu. Hala ere, saririk eman barik ere utzi daiteke, aurkeztutako kartelek behar adinako kalitaterik ez badaukate. Kasu horretan, epaimahaiak hiriko artista edo estudio entzutetsuren bati eskatu ahal izango dio kartela egiteko.

Kartelak teknika aldetik tonalitate-aldaketaren bat edo beste beharko balu hobeto inprimatzeko, epaimahaiak aldaketok agindu ahal izango ditu, egileari aldez aurretik galdetuta eta berarekin lankidetzan. Ordenagailuz eginez gero, irabazleak kartela euskarri informatikoan (CD) aurkeztu beharko du inprimatuko den tamainan (70 cm x 50 cm).

Epaimahaia Jaietako Batzordeak izendatuko du eta sei kide izango ditu; horietako hiruk Bilboko kultur eta gizarte alorrekin zerikusia edukiko dute, beste bat Bilboko Konpartsen ordezkaria izango da, beste bat Udalbatzaren ordezkaria izango da eta azkena Jaietako batzordeburua izango da.

Epaimahaiak sei kartel aukeratuko ditu eta Zabalguneko Eraikinean eta www.bilbao.net webgunean jarriko ditu ikusgai; ondoren, herri-bozketa egiteko epea zabalduko da. Botoak honela eman ahal izango dira: Zuzenean Zabalguneko Eraikinean; Udalaren web-orriaren bidez;

lehiaketaren laguntzaile diren komunikabideen bidez. Herri-bozketa honen bidez puntuazioaren %75a erabakiko da (aipatutako sistema bakoitzari %25ra dagokio), eta gainerako %25a epaimahaiaren bozketaren bidez erabakiko da. Herri-bozketako puntuak eta epaimahaikoarenak batuta puntuaziorik handiena lortzen duen kartela izango da irabazlea.

Bilboko Udalak kartel irabazlearen jabetza ez ezik, jendaurreko komunikaziorako, kopiatzeko eta banatzeko eskubideak ere eskuratuko ditu; eskubide horiek Udalarenak baino ez dira izango. Lanak ikusgai jarri ahal izango dira Barrainkuako Kultur Etxean, martxoaren 1etik 15era. Espazio kontua dela-eta, epaimahaiak erabakiko du zeintzuk erakutsiko diren, kartelen kalitate artistikoa kontutan hartuta.

Sei kartel finalistak aukeratu eta 2011ko martxoaren 18ra arte ikusgai jartzeko eta eurei zabalkundea emateko eskubidea izango du Udalak. Epe horretan eskubideak dohainik eta berari bakarrik laga zaizkiola ulertuko da obren erakusketa amaitu arte.