Paco Ibáñezek "Vivencias" aurkeztuko du zuzenean Arriaga antzokian

Paco Ibáñez
Foto: ARRIAGA ANTZOKIA
Actualizado: jueves, 29 octubre 2015 13:34

BILBO, 29 (EUROPA PRESS)

   Paco Ibáñez kantautore valentziarrak kontzertua eskainiko du igandean, azaroaren 1ean, Bilboko Arriaga antzokian, 19:00etatik aurrera, "Vivencias" izeneko bere azken diskoa aurkezteko, "bere bizitza eta ibilbide artistikoa markatu duten abestietatik egindako bidaia", hain zuzen ere, antzoki bilbotarreko arduradunek adierazi dutenez.

   81 urterekin, "abestiaren legenda bizia eta munduaren aurrean konpromisoa duen artistaren eredu da" Paco Ibáñez, mota guztietako errealitateak islatu dituzten letra bikainei esker, eta estiloaren ikuspegitik "gustu bikaina" erakutsiz, gainera. Hori dela eta, "poeten ahotsa" dela esan ohi da.

   2014an 50 urte bete ziren Federico García Lorcari eta Luis de Góngorari eskainitako lehen diskoa Parisen argitaratu zuenetik, 1964an. Erresistentzia kulturalaren sinbolotzat hartua izan da. "Ordutik, artista irmo agertu izan da beti edertasuna, pentsamendu kritikoa, askatasunen defentsa eta kulturen aniztasuna bilatzeko borrokan, poesiaren eta musikaren bitartez", azaldu dute.

   1960ko hamarkadan Paco Ibáñez "benetako enbaxadore antifrankistatzat" jotzen zuten Parisen, bere etxetik Frantziako hiriburua bisitatzen zuten artista, politikari eta intelektual asko igarotzen baitziren eta harrera jasotzen zuten lekua izan baitzen. Kapitulu hori "bidegabekerien aurreko errebeldia eta internazionalismo militantea islatzen duten adibide askotariko bat baino ez da".

   Beste kausa askoren artean, kantautore valentziarra frankismoaren aurkako borrokan, Pinochetek Txilen emandako estatu kolpearen aurka, Videlak Argentinan emandako estatu kolpearen aurka, Bosniaren alde Serbiaren eta Bosniaren arteko gerran, langileen greben alde, Euskal Herrian Yoyesen hilketaren kontra edo Irakeko gerraren kontra aritu da.

   Taula gainean, Frederic Amatek diseinatutako eszenografia eder eta soilean, Paco Ibáñez beltzez jantzita agertuko da, gitarra eskuan, "poesiaren indarrak eta bere ondoan dituen musika tresnen erritmoak biltzen duten abesti sorta eskaintzeko". Musika tresna horiek Horacio Fumerok (kontrabaxua), Gorka Benitezek (saxo tenorea) eta Mario Másek (gitarra) joko dituzte.

AMA EUSKALDUNA

   Aita valentziarra eta ama euskalduna zituen Paco Ibáñez Gorostidi lau anai-arreben arteko gazteena da. Lehenengo haurtzaroa Bartzelonan igaro zuen, eta Espainiako Gerra Zibilaren ostean familiak Frantziara joan behar izan zuen, aita CNTko militante anarkosindikalista baitzen.

   Aita atxilotu eta espainiar errepublikanoentzako lan eremu batera eraman zuten eta, ondorioz, ama, lau seme-alabak hartu eta Gipuzkoara itzuli zen lan egitera, amaren familiak Adunan zeukan baserrira, Pacok 14 urte egin arte. 1948an, familia, klandestinitatean, muga zeharkatu eta aitarekin elkartu zen Perpignanen.

   1999an Paco Ibáñezek "Oroitzen" argitaratu zuen, bere haurtzaroko oroitzapenak jasotzen zituen diskoa, amaren hizkuntzan, euskaraz, abesturik, Imanol kantariarekin batera. Diskoak, José Mª Gorrisek egindako Jorge Oteizaren eskultura-bilgarria dauka.

   Arriagako kontzerturako sarrerak, 16 eta 36 euro arteko prezioetan, www.teatroarriaga.com webgunean, 946 850 850 telefonoan edota antzokiko txarteldegietan erosi daitezke, aurretiazko salmenta ordutegian.