Park Chan-Wook korearrak inauguratuko du Bilboko FANT 19 jaialdia maiatzaren 3an, "Stoker" filmarekin

Park Chan-Wook eta Nicole Kidman "Stoker" lanaren filmaketan
MACALL POLAY/FANT
Actualizado: jueves, 21 marzo 2013 14:22

BILBO, 21 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udalak antolatzen duen FANT Zinemaldi Fantastikoaren 19. edizioak gonbidatu berezia izango du aurtengo edizioan, Park Chan-Wook zinemagile korearra Bilbon izango baita maiatzaren 3an, "Stoker" Hollywooden egin duen lehen lanaren aurre-estreinaldian parte hartzeko. Mia Wasikowska, Matthew Goode eta Nicole Kidman dira "thriller asaldatzaile" honen prtotagonistak.

Modu honetan, jaialdiaren antolatzaileek adierazi dutenez, "Old Boy" (2003)filmari esker generoko zinemagile garrantzitsuenetakotzat jotzen duten eta mundu osoko zinemaldi fantastiko nagusietan ohiko gonbidatua izaten den Park Chan-Wook Bilbon izango da AEBetan egin duen lehenengo proiektua aurkezteko.

"Stoker" filma FANT 19ren inaugurazio ekitaldian eskainiko da. Ekitaldia AlhondigaBilbao zentroaren auditoriumean izangoo da, maiatzaren 3an, arratsaldeko 20:00etatik aurrera. Gainerako ikus-entzuleek pixka bat gehiago itxaron beharko dute lana ikusteko, areto komertzialetan astebete geroago -maiatzaren 10ean- estreinatuko delako.

Azken urteetan zineak eman duen talenturik garrantzitsuenetakoa den Park Chan-Wook, kritikari ohia, zuzendaria, gidoigilea eta ekoizlea da. Hego Koreako zinemagilea ondorengo lanek egin dute ezagun, batez ere: "Joint security area", "Thirst" eta "Sympathy for Mr. Vengeance", "Oldboy" eta "Lady Vengeance" lanek osatzen duten "The Vengeance Trilogy" izeneko trilogia. 2008an Chan-Wook-ek FANTen Sail Ofizialean hartu zuen parte, Sitgeseko Zinemaldian Gidoi Onenaren saria lortu zuen "I am a Cyborg but that's ok" filmarekin.

Zinemagile korearraren aniztasuna eta lana bere jaioterrian zein nazioarteko lehen mailako hainbat zinemalditan aintzatetsi dira. Duela denbora gutxi, iPhone batekin grabatutako "Night fishing" lanak, 2011ko Berlingo Zinemaldiko Urrezko Hartza (film laburretan) irabazi zuen.

2009an, mundu guztiaren arreta erakarri zuen banpiroei buruzko "Thirst" filmarekin; lan horrek Canneseko Zinemaldiko Epaimahaiaren Saria eman zion. Film bikain hori, bere ekoizpen fasean Ipar Amerikako eskubideak eta Hollywoodeko estudioen inbertsioak lortu zituen Koreako lehen filma izan zen. "Lady Vengeance" lanari dagokionez, Cinema Avvenire Saria eta 2005eko Veneziako Zinemaldiko Urrezko Lehoia irabazi zituen. Aurreko urtean, 2004an, "Oldboy" filmak Canneseko Zinemaldiko Grand Prix garrantzitsua irabazi zuen.

Zuzendari korearrak zinemarekiko duen interesa Sogang-eko Unibertsitatean filosofia ikasle zela sortu zitzaion. Garai hartan zine-klub bat sortu zuen, eta zinearen teoriaren eta kritikaren aurreko interes handia garatu zuen. Park Chan-Wook-ek zuzendutako "Joint security area" filma Koreako zinearen historiako txarteldegiko arrakastarik handiena bilakatu zen bere garaian.

"STOKER"

Park Chan-Wook zinemagileak oso lan berezia egin du, Koreako zinemaren film berritzaile eta berezietako batzuen idazle, zuzendari eta ekoizle gisa eman dituen 20 urte baino gehiagotan, edertasun lirikoa, indarkeriazko ekintzak eta operako emozioak uztartzen dituzten eszenatoki suharrak eratuz.

"Stoker" familia amerikar misteriotsu eta bakarti bati buruzko "thriller ilun eta asaldatzailea" da. Filmaren izenburuak berak ere deabruaren aipamen metaforikoa egiten du, Drakularen egile Bram Stoker-en izena aipatuz.

India Stocker-ek (Mia Wasikowska) aita auto istripu batean galtzen duenean hasten da istorioa. Behea jota dagoela, aitaren hiletan osaba misteriotsua ezagutuko du: doluminak agertzera eta Miaren ama den Evelyn Stocker-i (Nicole Kidman) bere errespetua aurkeztera familia bisitatuko duen Charlie Stocker (Matthew Goode).

Charlie seduktore eta anbiguoak India gaztea erakarriko du, bera ere konturatu gabe, baina atmosfera nahasten hasiko da, inguruan pertsonak desagertzen hasten diren unean. Etxe handi aberatsean irten ezinik, India, Evelyn eta Charlieren artean maitasunez, desioz eta beldurrez osatutako lotura arraroa sortuko da, aginte harremanek eta izaera enigmatikoa eta arriskutsua duen sekretu batetik sortzen den ez ohiko indarrak markatua.