Parkinsonaren "euskal mutazioa" deiturikoa ikertu du EHUn egindako doktoretza-tesi batek

Javier Ruiz, ezkerrean, bere lantaldearekin
Foto: EHU
Actualizado: jueves, 31 enero 2013 13:51

DONOSTIA, 31 (EUROPA PRESS)

   Javier Ruiz medikuak "Enfermedad de Parkinson por mutación vasca de la Dardarina (lrrk2): estudio epidemiológico, clínico y genético" izenburuko doktoretza-tesia aurkeztu du Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU), eta bertan, parkinsonaren "euskal mutazioa" deiturikoa ikertu du, Gipuzkoako lau familiatan aztertuta.

   Genetikaren eta parkinsonaren arteko erlazioa ikertzen duela hamar urte baino gehiago hasi ziren, baina azken urteetan hasi dira emaitza garrantzitsuak lortzen. 2004an, gaixotasunaren garapenari lotutako lehenengo mutazioak aurkitu ziren. EHUko lantalde batek Gipuzkoako biztanlerian prebalentzia berezia duen LRRK2 genearen mutazio bat aurkitu zuen. R1441G mutazioa da, eta "euskal mutazio" deritzo.

   Orain, lantalde bereko Javier Ruiz medikuak tesi bat aurkeztu du. Bertan, mutazio horren ikerketa bat egin du, eta, haren prebalentzia ikertzeaz gain, penetrantzia kalkulatu, haren fenotipo klinikoa deskribatu, haren bilakaera aztertu eta mutazio horren eramailea den paziente baten ikerketa neuropatologikoa egin du. Emaitzak 'Neurogenetics eta Movement Disorders' aldizkari espezializatuetan argitaratu ditu.

   Ez zen erraza izan parkinsona gene jakin batzuekin erlazionatzea. "Hasieran egindako deskribapen puntualek erakutsi digute ez dela egia parkinsona esporadikoa zelako ideia, lehen pentsatzen zen bezala", dio Javier Ruiz ikerketaren egileak. "Duela hamarkada bat hasi ziren esaten forma familiarrak daudela, baina ez ziren gene horiek. Parkinson mota desberdinxeago bat justifikatzen zuten geneak ziren. Parkinson mota horrek denok ikusten genuen parkinson arruntaren aldean desberdintasun txiki batzuk zituen", azaldu du.

   Ruizen lantaldeak ikertutako geneak -dardarina deitu zioten proteina kodetzen du-, berriz, parkinson mota arrunta azaltzen du. Dena den, gene hori ez da gaixotasunari lotuta dagoen bakarra. "Une honetan, geneak deskubritzen ari dira. Parkinsonaren forma monogenikoetan, hau da, mutazio jakin batekin lotu daitezkeen gaixotasunaren formetan dauden 15 edo 16 geneko zerrenda bat dago. Gene hau garrantzitsuena da maiztasunaren aldetik; munduko biztanlerian gehien ikusi dena da", dio.

   Hala ere, ez dakite zehazki zer egiten duen dardarinak, hots, ikertutako geneak kodetzen duen proteinak. Dardarinak heriotza neuronalaren ikuspegitik duen funtzioa bilatzen ari da ikerketa-ildoetako bat, dardarina prozesu horrekin erlazionatuta baitago garuneko egitura jakin batzuetan, baina oraindik ez dakite zehazki zer funtzio duen.

   "Badakigu genearen mutazio batzuen ondorioz proteinak hainbat gauza egiten dituela, baina ez dakigu erabat zer egiten duen zehazki euskal mutazioa deiturikoak. Bada munduan prebalentzia handiagoa duen beste mutazio bat, G2019S delakoa; ezagunagoa da. Jarduera entzimatikoagoa du. Kinasa bat da, alegia, fosfato taldeak molekula batetik bestera pasatzen dituen proteina", dio Ruizek.

GALDERAK ETA ERANTZUNAK

   Javier Ruizek R1441G mutazioa duten Gipuzkoako lau familia ikertu ditu bere tesian, eta hainbat ikuspuntu hartu ditu kontuan. "Tira, parkinsona duten familiak ditut, eta gaixotasuna zergatik duten jakin nahi dut. Nik ikerketa egiten dut, baina klinikoa naiz. Egunero egoten naiz harremanetan pazienteekin, eta haiek egiten dizkidaten galderak ikerketara eramaten ditut gero", azaldu.

   Lehenengo galdera da, Ruizen arabera, mutazioa edukitzeak zer esan nahi duen jakitea. Bere tesian egin duen penetrantziaren ikerketa da. "Mutazioa edukitzeak esan nahi du 80 urte dituzunean %83ko probabilitatea izango duzula parkinsona izateko", dio.

   Beste gauza bat da ea mutazioa zorizkoa ote den ala Euskal Herrian ohikoa ote den. Halaber, Ruizek ikertu du ea mutazioa pazienteetan bakarrik agertzen ote den ala ohikoa ote den biztanleria orokorrean. Horretarako, Azpeitiko eta Azkoitiko biztanleen laginak hartu zituen, han baitaude paziente gehien, eta aurkitu zuen biztanleria orokorraren %1,8k duela mutazioa.

   Horrez gain, ikertu zen ea R1441G mutazioari lotutako parkinsona G2019S mutazioari lotutakoaren antzekoa ote den. "Parkinsonaren ikerketan oso modan dago sintoma ez-motorrak ikertzea", dio Ruizek. Ikerketaren emaitzak adierazten du halako sintoma gutxiago daudela euskal mutazioaren kasuan.

   "Nik, honekin, zer ekarpen egin diezaieket zientziari eta nire pazienteei?. Bada, agian, diagnostiko goiztiar bat, eta etorkizuneko tratamendu neurobabesle bat jaso dezakeen lehenengo xede-biztanleria izatea, oraindik ez baitago halako tratamendurik", azaldu du Ruizek.

   Hori dela eta, ikerketaren beste zati batek mutazioaren eramaile direnentzako biomarkatzaileak bilatzeari ekin dio. Biomarkatzaile horiek gaixotasuna harrapatzeko arrisku handiena nork duen adieraziko dute. Ikertu beharreko markatzaile gisa, usaimen-disfuntzioa eta bihotz-gammagrafiak neurtutako disfuntzio sinpatikoa proposatzen ditu ikerketak.

   Lortutako emaitzez gain, ikerketak zer ildotatik jarraitu behar duen ere adierazten du tesiak. "Zorretan gaude biztanleekin; pazienteen senitartekoek odola eman dute beren borondatez ikerketa hau egin ahal izan dezagun. Haiei erantzunak eman beharko dizkiegu", nabarmendu du.

   Javier Ruiz Martínez Donostia Unibertsitate Ospitaleko Neurologia Zerbitzuko Parkinsonaren eta Beste Mugimendu Asaldura Batzuen Unitateko neurologoa eta Biodonostia Ikerketa Institutuko Neurozientzia saileko neurologoa da. EHUn egin du doktoretza-tesia, José Félix Martí Massó eta Adolfo López de Muniain doktoreek zuzenduta.