Patrik Grijalvo bilbotarrak lortu du Rekalde Beka Rotterdameko HMW arte-zentroan egonaldia egiteko

Actualizado: miércoles, 23 marzo 2011 19:05

BILBO, 23 Mar. (EUROPA PRESS) -

Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak, Rekalde Aretoaren bidez, Patrik Grijalvo artista bilbotarrari eman dio 2011. urteko Rekalde Beka. Bekaren xedea da Rotterdameko (Holanda) Het Wilde Weten (HWW) arte-zentroan hiru hilabeteko (apirila, maiatza eta ekaina) egonaldia egitea, foru erakundetik adierazi dutenez.

Aukeraketa Holandako zentro horretako arduradunek egin dute, deialdi publiko honetara aurkeztu diren 15 hautagai bizkaitarren artean. Gainera, Grijalvok 6.000 euroko inguruko laguntza ekonomikoa izango du etxebizitza, ikasketak, bidaiak eta mantenua ordaintzeko, eta diru-poltsa bat, berak sortzen dituen artelanetarako.

Aurreko edizioetan Bizkaiko beste autore batzuk jaso zuten beka: Yolanda de los Bueisek, Kepa Garrazak eta Zigor Barayazarrak. Ekimenaren helburua da Bizkaiko artistak edo Bizkaian erroldatuta daudela egiaztatzen duten artistak sustatzea.

Artista plastikoei atzerrian ikasteko eta bizitzeko programetan parte hartzeko aukera ematea bilatzen da Rekalde Bekaren bidez. Hala, mota honetako ekimenak sustatuta, tokiko eszenarekiko interesa piztu nahi da nazioarteko profesionalen artean.

Patrik Grijalvo (Bilbo, 1984) Arte Ederretan lizentziaduna da Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU); Ikus-entzunezko Irudia eta Argazkigintza espezialitatea egin zuen. Bere azken proiektua "De la fotografía pictórica a la fotografía escultórica" deitzen da, eta helburua da zenbait lan garatzea, argazkietatik abiatuta, pintura moduko adierazpide bat bilatzeko.

Egile bilbotarrak arkitektura-elementuen zehaztasunik txikienetan jartzen du begirada argazkiak erabiliz. Elementu arkitektonikoen erretratuak ateratzen ditu -fatxadenak eta barrualdeenak, esaterako-, eta argazkian atzemandako motibo hori sorburu hartuta, abstrakzio plastikoa eta garapen formala ikertzen du.

Patrik Grijalvok egonaldi baterako beka izan zuen Bilbao Arte Fundazioan 2010. urtean, eta urte horretan bertan, Austriako Kunsthaus Bregenz Museoan egonaldia egiteko beka eskuratu zuen.

2006tik hona, Grijalvok zenbait erakusketa kolektibotan erakutsi ditu bere lanak, hala nola Gasteizen eta Getxoarten. Nazioartean ere erakutsi izan ditu, besteak beste, Atenasko Artower Gallery-n eta Athens Photo Festival APHF jaialdian (Atenas, 2009) eta Stephanie Hollenstein galerian (Austria, 2010).