Paula Kasares euskarak eskolatzean duten egitekoaz mintzatuko da Getxon urtarrilaren 20an

Actualizado: martes, 13 enero 2015 13:04
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 13 (EUROPA PRESS)

   Paula Kasares soziolinguistikan aditu eta NUPeko irakasleak euskarak eta hizkuntzek eskolako heziketan duen egitekoari buruzko bi hitzaldi eskainiko ditu Getxon (Bizkai) urtarrilaren 20an. Getxoko Udalak SENDIren laguntzarekin antolatutako ekimena da, 2015-2016 ikasturteari begira Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzetako aurrematrikulazioa egiteko epea zabalduko dela eta. Epe hori otsailaren 2tik 13ra izango da, Getxoko Udalak jakinarazi duenez.

   Lehenengo solasaldia haur txikiak dituzten guraso euskaldunentzat izango da. "Zuek duzue giltza" izenburupean, besteak beste, euskaraz mintzatzean familietan hainbat egoeratan sortzen diren kezkei buruz mintzatuko da Kasares. Topaketa euskaraz izango da eta 18:00etan hasiko da, Villamonteko Kultur Aretoan.

   Ondoren, 20:00etatik aurrera, Getxo Elkartegiaren egoitzan, "Euskara, entra un idioma en casa" hitzaldia eskainiko du Kasaresek. Ikastetxe batean matrikulatu duten edo matrikulatuko duten haur txikien guraso erdaldunei zuzenduta egongo da, eta edukia, euskararen aurrean izan beharreko jarrerari eta seme-alabei laguntzeko erei buruzkoa izango da.

   Hitzaldiotara joan nahi dutenek Getxoko Udaleko Euskara Zerbitzuan eman beharko dute izena, edo bestela, 94 466 00 10 telefono zenbakian edo euskara@getxo.net helbide elektronikoan, toki kopuruak mugatuak izango baitira bi hitzorduetan. Haurtzaindegi zerbitzua egongo da.

MATRIKULAZIO DATUAK

   Bestalde, Imanol Landa Getxoko alkateak 2 eta 3 urteko seme-alabak dituzten familiei informazio eskutitza bidali die aipatutako solasaldien, ikastetxeetako aurrematrikulazio kanpainaren eta heziketa elebidunaren garrantziaren berri emateko.

   Ildo horretan, gogorarazi du B ereduak eta, batez ere, D ereduak, eleaniztasuna bermatzen dutela, "eta horri esker, seme-alabek hemengo bi hizkuntza ofizialetan, euskaraz zein gaztelaniaz, ederki hitz egiteko aukera bermatzen da". Bestalde, bere hitzetan, hirugarren edo laugarren hizkuntza errazago ikasteko bidea irekitzen du, eta, bide batez, "etorkizunerako aukera gehiago izango dituzte".

   2013-2014 ikasturtean Lehen Hezkuntzako ikasleen %51 D ereduan matrikulatu zen, eta %31 B ereduan. Ikasturte honetan, %50 D ereduan matrikulatu da, eta %31 B ereduan. Haur Hezkuntzako datuak antzekoak dira, aurreko ikasturtean ikasleen %57,9 matrikulatu baitzen D ereduan eta %19,7 B ereduan; oraingo ikasturtean %58,6 D ereduan eta %19 B ereduan.