Paziente onkologikoen tratamendua hobetzeko azeleragailu lineal berria Basurtuko Ospitalean

Actualizado: jueves, 29 septiembre 2016 11:11

BILBO, 29 (EUROPA PRESS)

Basurtuko Unibertsitate Ospitaleak lau dimentsioko azeleragailu lineal bat instalatu du, paziente onkologikoen tratamendua hobetzeko helburuarekin. Arlo honetako teknologiarik aurreratuena dakar berekin aparatu berriak, eta 2003. urtean abiarazitako beste bat ordezkatuko du. Osakidetzak 3.300.000 euro inbertitu ditu aparailu berria eskuratzeko.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak, Jon Darpón Osasun sailburuak eta Jon Etxeberria Osakidetzako zuzendari nagusiak aparatu berria bisitatu dute ostegun honetan, eta Bilbao-Basurto ESIko Onkologia Erradioterapikoko Zerbitzuko profesionalekin bildu dira, beren lanaren berri izateko eta azken belaunaldi teknologikoko makineria honek pazienteei ekarriko dizkien onurak ezagutzeko.

Azeleragailuaz gain, Osakidetzak kudeaketako sare informatiko berria ezarri du Basurtuko Unibertsitate Ospitaleak orain dituen hiru azeleragailuetarako. Horrek neurri handian hobetzen du pazientearen segurtasuna, berehala ematen baitu informazioa (dosiaz, esposizio denboraz), baita tratamenduen irudiak eskaini ere. Horrela, ahalik eta gehien murrizten da tratamendua egin bitartean okerrak izateko arriskua, Osakidetzako arduradunek azaldu dutenez.

Halaber, azeleragailu lineal berriak hobekuntza berriak dakarzkio paziente onkologikoaren tratamenduari, teknika bereziak erabili baititzake berariaz hautatutako kasuetan, gehienak, hainbat tokitako tumore kasu edo estadio oso goiztiarrak, tumore karga oso baxuarekin.

Ekipamendu berria urriaren 4an jarriko da abian, eta kirurgiaren alternatiba izan daiteke, antzeko emaitzak lortuta betiere; "hori mesedegarria izango da pertsona askorentzat, eta osasun emaitzak hobetuko ditu", adierazi dute. Hauek dira teknologia berriak pazienteei dakarzkien onurak: pazienteek behar dituzten saioak murriztu egin daitezke; dosi handiagoa eman daiteke tumorearen gainean; toxikotasun txikiagoa pazientearentzat; tratamendu denbora murriztea.

INBERTSIOA

Ildo horretan, Urkulluk ziurtatu du inbertsioa egiten jarraituko dutela euskal hiritarren osasunari begirako teknologia berria eskuratzeko. Horrela, Basurtuko lau dimentsioko azeleragailu berriaz gain, beste bat instalatu da duela gutxi Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean, eta, datorren urtean, beste bat instalatuko da Donostiako Unibertsitate Ospitalean. "Izan ere, Osakidetzak merkatuko teknologiarik aurreratuena eskaini nahi dio euskal gizarteari, horrela zerbitzurik aurreratuenak eta onuragarrienak izan ditzaten horien beharrean dauden euskal hiritarrek", adierazi du.

Osakidetzak 3.300.000 euro inbertitu ditu kanpo erradioterapiako teknologia berri hau eskuratzen, eta, horri esker, tratamendu askoz zehatzagoak egin daitezke (4D izenekoak), eta tumorea mugimenduan irradiatzeko aukera eskaintzen du; horri, zehaztasun handiko erradioterapia esaten zaio.

Tumorea mugitzen den kasuetan (birikako nodulu tumoralean adibidez, pazientearen arnasketarekin), eremu handiak irradiatu behar izaten ziren, nodulua arnasa mugimendu guztietan hartzeko, eta, horrela, ehun osasuntsuari ere eragiten zitzaion. Azeleragailu berriak aurrerapen handia ekarri du, hau da, mugimenduari jarraiturik irradiatzea ahalbidetzen du.

Hain zuzen, horri esaten zaio 4D tratamendua egitea, alegia, OTA bat mugimenduarekin egiten da (4D), tumorearen bolumena zehazteko, eta marraztu eta mugimenduan ikusi ahal izateko. Horri esker, azeleragailu berriak hobeto kontrolatzen du tumorea, eta dosi handiagoa eman dezake tumorearen gainean. Gainera, gutxiago eragiten dio ehun osasuntsuari, eta, beraz, txikiagoa da tratamenduaren toxikotasuna.

Kualifikazio handiko hainbat profesionalek osatzen dute Onkologia Erradioterapikoko Zerbitzua, Eusko Jaurlaritzako ordezkariek bisitatu dutena. Bertan, 35 profesional ari dira, goizeko eta arratsaldeko txandetan, 07:30etik 22:00etara bitarteko ordutegiarekin: hamar mediku, bost erradiofisikari, sei erizain eta erradioterapiako 14 teknikari. Azeleragailu berria bete-beteko funtzionamenduan dagoenean, zerbitzuak 150 pazienteri emango die arreta egunean, eta paziente horiek, batez beste, 20-25 saio izango dituzte.

Langile horiek prestakuntza jasotzen ari dira teknologia berriaren gainean, eta, ikuspuntu profesionaletik, abantaila handiak izango dituzte, hala nola segurtasun handiagoz lan egitea eta tratamendu teknikarik berrienak ezagutzeko aukera izatea. Gainera, azeleragailu berria dela-eta, erradioterapiako hiru teknikari gehiago izango dira.

ESTRATEGIA

Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko ekipamendu berria "beste aurrerapauso bat" da Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak batera duten estrategia asmoari dagokionez: euskal osasun sistema publikoaren kalitatea handitzea, pazienteei eskaini beharreko zerbitzuak hobetzeko, segurtasun klinikoa bereziki zainduta.

Gainera, minbiziaren arretaren arloan, diziplina anitzeko eredua sustatu nahi da, pazienteari arreta integrala eskaintzen dion eredua, hain zuzen ere; eredu horrek, gainera, aukera diagnostiko terapeutikorik onena eskaini behar du, baita asistentzia baliabideen arteko koordinazioa ahalbidetu ere; azkenik, aintzat izan behar du pazienteari eta senideei eman beharreko laguntza psikosoziala.

Bizkaiak sei azeleragailu lineal ditu Basurtuko Unibertsitate Ospitalearen eta Gurutzetakoaren artean, eta horrek ziurtatu egiten du erantzun egokia eman ahal zaiela lurraldean urtean arreta behar duten 3.100 paziente onkologiko ingururen beharrei. Azeleragailu berriaren bidez, Onkologia Erradioterapikoko Zerbitzuak arreta emango die Bilbo barrutiko pazienteei, baita erradioterapia behar duten Barrualde-Galdakao ESIko minbizidun paziente askori ere.

Urkulluk iragarri duenez, laster Donostiako Unibertsitate Ospitaleak beste azeleragailu bat izango du, antzeko ezaugarriak izango dituena. "Horrela, Gipuzkoako teknologia ere hobetuko da, pertsonen zerbitzuan betiere, eta aurrerapauso kualitatiboa izango da pazienteen arreta hobetzeari begira Osakidetzako zerbitzuen artean egin beharreko koordinazioari dagokionez; bestetik, zerbitzuen integrazio handiagoa ekarriko du, eta, horrela, zerbitzu horiek eraginkorragoak eta jasangarriagoak izango dira", adierazi du.