Pazienteei kirol jarduera agintzeko programa bat abiarazi dute Txorierrin

Actualizado: lunes, 9 febrero 2015 13:35
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

BILBO, 9 (EUROPA PRESS)

   Eusko Jaurlaritzak eta Txorierriko Mankomunitateak (Bizkai) pazienteei kirol jarduera agintzeko programa bat jarri dute abian, patologiaren eta adinaren arabera egokitua, herritarren osasuna hobetzeko asmoz.

   Izan ere, Osakidetza, Jaurlaritzako Kirol Zuzendaritza eta Txorierriko Mankomunitateko Esku Hartze Komunitarioko Zerbitzua elkarlanean ari dira patologia kronikoak dituzten pertsonen jarduera fisikoa areagotu eta, horrenbestez, osasuna hobetzeko.

   Horrela, Jaurlaritzaren Mugiment proiektuaren eta Osasun Sailaren eta Osakidetzaren kirol errezetaren programaren barne dagoen Mugiment Txorierri izeneko ekimen pilotua jarri da abian, Txorierriko Mankomunitatea osatzen duten udalerri guztien parte hartzearekin: Derio, Larrabetzu, Lezama, Loiu, Sondika eta Zamudio. Hala, patologiaren eta adinaren araberako jarduera fisikoa aginduko da, kirol eragileek pazienteetara eta udalerrian eskainitako jardueretara egokituko duena.

   Mankomunitatea osatzen duten udalerriei dagokien Osakidetzaren Uribe ESIko 12 familia medikuk 12na paziente hautatuko dituzte (55 urtetik gorako emakumeak eta 45 urtetik gorako gizonak) modu mailakatuan otsailean zehar, eta osasun azterketa osoa egingo zaie.

   Lehen mailako arretako medikuek Jaurlaritzak diruz lagundutako Mugikon zerbitzuko kirol jarduera eta osasuneko espezialistarengana bidaliko dituzte gutxienez gaixotasun kardiobaskularrei loturiko bi arrisku faktore (hipertentsioa, kolesterola, glukosa gehiegi odolean edo obesitatea) hauteman zaizkien pazienteak, eta Mugikoneko espezialistei egokituko zaie paziente bakoitzari egokitutako jarduera plana diseinatzeko ardura.

   Jarduera planak hainbat ariketa fisiko eta bizi ohitura osasuntsu barne hartuko ditu, pazientearen ahalmen eta gaitasun fisikoaren araberako jarduera sustatzeko diseinatuak. Gainera, lan plana udalerri bakoitzaren katalogoko kirol zerbitzuen sare zabalaz elikatuko da, ibilbideak erabiltzea, txangoak egitea edo kiroldegira joatea sustatuz.

   Era berean, jarduera fisikoko eta osasuneko espezialistek taldekako jarduerak antolatuko dituzte, pazienteei orientabideak eta prestakuntza emateko, eta parte hartzaileen banako jarraipenak egingo dituzte prozesu osoan.

   Mugiment Txorierri ezartzeko fasea amaituta, jarduera fisikoko eta osasuneko espezialistek pazienteak dagozkien osasun zentroetara bidaliko dituzte berriz ere azterketa egin eta osatutako lan planaren onurak balioesteko. Aurreikusitakoaren arabera, maiatzaren amaieran amaituko da.

   Pazienteek, familia medikuekin batera eta lortutako emaitzen arabera, bizi ohitura osasuntsuko plana diseinatuko dute eskuratutako ezagutzak aplikatu eta ohiturak ez galtzeko, emaitzak denboran iraunaraziz eta programari atxikita jarraituz.

GETXON ETA BILBON

   Hilabeteak dira Osakidetzak kirol errezeta darabilela Getxon -Uribe ESIren eta bertako Udalaren bidez- eta Bilbon -Udalaren eta Bilbo-Basurtu ESIren bidez-, erakunde eta sektore arteko lankidetza esku hartze komunitarioak gauzatuz, sedentarismoa ekidin eta pertsonen osasunean onura handiak eragiten dituen jarduera fisikoa sustatzeko.

   Osasun Saila ekimen horretan eta beste batzuetan ari da lanean "Euskadikoa gizarte aktiboagoa izan dadin", 2013-2020 Osasun Planaren arlo lehenetsietako bat denez. Planaren helburuen artean dago jarduera fisikoren bat egiten duten pertsonen kopurua ugaritzea, eta egungo jarduera ezaren portzentajea %10-15 murriztea. Horretarako, inguru egokiak eta biztanleriaren bizitza estilo osasuntsuak sustatzea ezinbestekoa da, erakundeen arteko lankidetzan, herrietan eta komunitateetan lan eginez.

   Horiek guztiak daude jasota Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako Sailak eta Osasun Sailak Euskadiko jarduera fisikoa areagotu eta sedentarismoa murrizteko helburuarekin osatutako Mugiment planean; izan ere, herritarren jarduera fisikoa areagotzeak hainbat onura eragingo lituzke arlo askotan, komunitatean eta bizi-baldintzetan zuzen eraginez. Mugiment zortzi estrategiatan egituratuta dago, beste hainbeste helburuko hartzaileri bideratuta daudenak (herritarrak, haurrak, zaharrak, profesionalak, adituak eta abar).

   Jarduera fisikorik eza da munduan eta Euskadin heriotza arrazoien artean laugarrena. Euskal Autonomia Erkidegoko osasunaren azken inkestak jaso dituen datuen arabera, biztanleen %31k ez ditu betetzen Munduko Osasun Erakundeak jarduera fisikoaren praktikarako ezartzen dituen gutxienekoak. Multzo horrek ez aktibotzat hartzen du bere burua, eta portzentajea handiagoa da emakumeen artean (%34), gizonezkoen artean baino (%27).