PCB enpresaren Sestaoko lantegiak 2017ko lehen hiruhilekoan hasiko du jarduera

Actualizado: viernes, 21 octubre 2016 13:16

BILBO, 21 (EUROPA PRESS)

PCB enpresak Sestaon irekiko duen lantegi berria 2017. urteko lehen hiruhilekoan jarriko da martxan. Enpresak Barakaldon duen lantegian egiten dituen produktu urtuen akabera prozesuak gauzatuko dira Sestaokoan, eta lantegi berria sortzeari esker, 230 lanpostu berri eratuko dira.

Hala jakinarazi du Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak, pabiloiko obrak ikusteko egin duen bisitan. Rementeriarekin batera, Ignacio Mataix ITP Talde aeronautiko zuzendari nagusia, Amadeo Torrens PCBko zuzendari nagusia, Imanol Pradales Ekonomia eta Lurralde Garapena Sustatzeko foru diputatua eta Josu Bergara Sestaoko alkatea egon dira bisitan.

Sestaoko lantegi berria PCB enpresaren hazkunde planen barruan sartzen da, eta ITP Taldearen 2016-2020 Plan Estrategikoaren parte da. Hala, munduan industria aeronautikoak hazteko dituen aurreikuspen onak islatu dira. PCBren Sestaoko lantegi berria egongo den lursailaren azalera osoa 10.773 metro koadrokoa da, eta 2015-2021 bitartean 20 milioi euro inbertituko dira guztira.

Horrela, Ignacio Mataixek adierazi du 182 langile sartu direla konpainian 2015 eta 2016 bitartean, eta langile horien %60 Ezkerraldeko udalerrietako biztanleak direla.

Ildo horretan, Rementeriak esker ona adierazi die ITP eta PCBko arduradunei. "Berriz ere eskerrak eman nahi dizkiet Ignacio eta Amadeori Sestaoren, Ezkerraldearen eta Bizkaiaren alde apustu egiteagatik. Eta nabarmendu nahi dut erakunde publiko eta pribatuen arteko lankidetzak funtzionatu egiten duela, elkarrekin indartsuagoak garela. Orain dela urtebete orube huts bat besterik ez zegoen hemen. Gaur egun hilabete batzuk barru jarduera industriala eta enplegua sortuko dituen pabiloia dago".

KONPROMISOA BETETZEN

Bizkaiko ahaldun nagusiak ziurtatu du Bizkaiko Aldundia hartutako konpromisoa betetzen ari dela, hots, urtarrilean pabiloia prest egongo dela, eta PCB enpresa ere bere konpromisoa betetzen ari dela, hau da, lurraldean inbertitzen ari dela.

Horrela, "albiste oso ona" dela nabarmendu dute, "aste on bati bukaera ematen diona". "Aste benetan ona izan da Bizkaiarentzat. Astelehenean Basauriko Sidenorren 35 milioiko inbertsioaren berri izan genuen, eta asteari bukaera emateko beste berri oso on bat daukagu, hots, 2017ko lehen hiruhilekoan martxan jarriko dela Sestaoko PCBren lantegi berria eta Ezkerraldean 230 lanpostu sortuko direla horri esker", azaldu du.