Pedro Guerra Donostiako Antzoki Zaharrean izango da ostegunean

Pedro Guerra
Foto: DONOSTIA KULTURA
Actualizado: martes, 18 febrero 2014 13:58

DONOSTIA, 18 (EUROPA PRESS)

   Pedro Guerra kantautore kanariarrak kontzertua eskainiko du Donostiako Antzoki Zaharrean ostegunean, otsailaren 20an. Emanaldia iluntzeko 20:00etan hasiko da eta sarrerak 16 euro balio du, Donostia Kulturak jakinarazi duenez.

   Duela 30 urte hasi zen kantatzen Tenerifen, eta laster zabaldu zen kanariar gazte bat autore kantei ukitu berri bat ematen ari zela. Orduko funts hartara itzuliz, ahotsa eta gitarra besterik ez zituela, Pedro Guerrak CD hirukoitza argitaratu zuen 2013ko apirilean, "30 años" izenburupean, eta hiru hamarkadako ibilbide sendoa biltzen duen birari ekin zion.

   Guerrak Taller Canario de Canción taldea sortu zuen 1985ean, Rogelio Botanz eta Andres Molinarekin batera. Tailer harekin grabatu zituen "Trapera" (1987), "Identidad" (1988), "A por todas" (1989) eta "Rap a duras penas" (1991).

   1993an Madrilera joan zen bakarkako ibilbideari ekiteko. Han, artista askorekin jardun zuen musikari eta konpositore lanetan, hala nola Ana Belen, Victor Manuel, Joaquin Sabina, Cesarea Evora, Marta Sanchez, Silvio Rodriguez, Fito Paez, Bebe, Miguel Poveda, Ivan Ferreiro, Ismael Serrano, Quique Gonzalez, Miguel Rios, Luis Pastor, Paloma San Basilio, Amistades Peligrosas edo Complices taldearekin.

   Bi urte geroago, 1995ean, bakarkako lehen diskoa argitaratu zuen, "Golosinas", zuzenean grabatua, non "Contamíname" sartu zuen, aurrez Victor Manuelek eta Ana Belenek grabatua. 1997an "Tan cerca de mí" agertu zen eta bere musika ibilbidea sendotu zuen "Debajo del puente" kantari esker.

   1998an, "Mararía" filmeko soinu banda konposatu zuen, eta izendapen bat lortu zuen horregatik Goya sarietan, bai eta soinu banda onenari emandako Musika Saria ere. 1999an, "Raíz" argitaratu zen, non kanariar musikaren soinu bereizgarriak berreskuratu baitzituen. Horren ondotik, 2001ean "Ofrenda" etorri zen, Lenine, Daniela Mercury eta Julieta Venegas lagun zituela, eta 2002an, berriz, "Hijas de Eva", Silvio Rodriguez eta Fito Paezen lankidetzaz.

   2003an, Angel Gonzalez poetarekin batera, "La palabra en el aire" disko-liburua grabatu zuen. 2004an, "Bolsillos" kaleratu zuen, eta urte horretan, "Neruda en el corazón" disko kolektiboan hartu zuen parte. 2005ean, "Contaminados" zuzenean grabaturiko diskoaren musika koordinazioa egin zuen; Chico Cesar, Javier Ruibal eta Julieta Venegasekin batera hartu zuen parte.

   2008an, ia lau urteko erretiroaren ondoren, bere diskorik barnekoi eta etxekoenarekin itzuli zen: "Vidas", zeinaren zuzeneko bertsioa egin baitzuen, "Vidas en vivo", Miguel Rios, Luis Pastor, Quique Gonzalez, Ismael Serrano eta Bebe lankide zituela.

   2010ean, artistak omenaldia eskaini zien bere musika ibilbidea markatu zuten zenbait kantari, bi aletan jasoz bertsioak: "Alma mía Versiones Volumen I" eta "Contigo en la distancia Versiones Volumen II". Azkenik, 2011n, "El mono espabilado" agertu zen, Miguel Poveda eta Ivan Ferreiro lankide zituela.