"Pello Irazu. Panorama" erakusketa, Guggenheim Bilbao Museoan

Irazuren lanetako bat
GUGGENHEIM BILBAO MUSEOA
Actualizado: viernes, 17 febrero 2017 13:56

   BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

   Guggenheim Bilbao Museoak "Pello Irazu. Panorama" erakusketa aurkeztuko du martxoaren 10etik ekainaren 25era bitartean. Euskal eta espainiar eskultura garaikidearen berrikuntzako protagonisten artean dagoen artistaren 30 urteko ibilbidearen analisia izango da erakusketa, museoaren arduradunek azaldu dutenez.

   Erakusketaren izenburuak adierazten duenez, atzera begirako erakusketek hartzen duten iraganerako joera baino gehiago, "norabide anitz" jasotzen dituen ikuspegia izango da. "Denbora espazioaren baitan tolesten da, eta nolabaiteko paisaia bat eskaintzen du", adierazi dute.

   Ehundik gora lanek osatuko dute erakusketa, eta artista andoaindarrak berak taxututako gune kontzeptual eta fisiko baten bitartez artikulatuko da. Gune horretan Irazuren ibilbideko mugarriak eta lanik garrantzitsuenak bilduko dira.

   "Iragana eta etorkizuna orainaldi jarraituan berriz aurkitu eta berritzea ahalbidetzen duen bat bateko begirada sortzea da erakusketaren asmoa. Museoaren 105. aretoko hormek ikuslea biltzen dute, eta parte hartzaile izan dadin eta eskultura lengoaiaren inguruko gogoeta egin dezan laguntzen dute", azaldu dute.

   Pello Irazu (Andoain, 1963) oso artista garrantzitsua da gaur egungo panorama artistikoan, eta 1980ko hamarkadan hasi eta gaur egun arte doan lan koherente bat garatu du. Bertan, eskultura -zentzu zabalean: hiru dimentsioko pieza txiki txikiak, objektuen hibridoak eta instalazio handiak-, argazki, marrazki eta horma irudiekin txandakatzen ditu.

   Erabilitako diziplina edozein izanik ere, Irazuren lanak "sakon jorratzen ditu gure gorputzen, objektuen, irudien eta espazioen arteko harreman anitzetatik sortutako arazoak".