Pello Iturriari emango diote FEUSEren Farmaburua saria, farmazian euskararen erabilera bultzatzeko egindako lanagatik

Pello Iturriak Maiatzaren 8An Jasoko Du Saria
FARMAZIALARI EUSKALDUNEN ELKARTEA
Actualizado: jueves, 5 mayo 2011 15:58

BILBO, 5 May. (EUROPA PRESS) -

Farmazialari Euskaldunen Elkarteak (FEUSE) Pello Iturria farmazialari nafarra saritu du FEUSEren Farmaburua sariarekin, farmazia arloan euskararen erabilera bultzatzeko eta normalizatzeko egindako lanagatik. Sari banaketa, aurtengo laugarrena, maiatzaren 8an izango da, 13:00etan, Iruñean dagoen Nafarroako Farmazialarien Elkargoaren egoitzan, Elkartearen XVI. Biltzarraren ondoren, FEUSEko iturriek adierazi dutenez.

Pello Iturria Iruñean jaio zen 1951n, eta 1979tik Iruñeko Estafeta kaleko 87 zenbakiko farmaziako titularra da. Ezaguna da bere jarduera profesionalean farmazia eta euskararen aldeko egindako lana, zenbait ikerketa lanen euskal argitalpenen bidez eta zenbait ponentzia eta irrati saiotan izandako partaidetzagatik.

Nafarroako Unibertsitatean farmazian lizentziatua, Iturria 1994an FEUSEren sortzaileetako bat izan zen, eta elkarteko lehendakariordea (1994-2000) eta lehendakaria (2000-2010) izan da.

1996tik, Nafarroako Farmazialarien Elkargoak argitaratzen duen aldizkarian orri bat euskaraz idazten du, eta lau urtez Nafarko medikamentuen banaketarako enpresak argitaratu zuen egunkarirako idatzi du. Halaber, 2002an Farmazia Hiztegiaren edizioan lagundu zuen eta 2004an kanabisari buruzko liburua argitaratu zuen; bi lan hauek euskaraz argitaratu ziren.

"FEUSEren farmaburua" saria Farmazialari Euskaldunen Elkarteak banatzen du bi urtean behin, pertsona, talde, elkarte edo erakunde batek farmazia munduan euskara erabiltzearen, bultzatzearen eta normalizatzearen alde egindako lana aitortzeko. Orain arteko irabazleak honako hauek izan dira: Bizkaiko Farmazialarien Elkargoko Euskara Taldea (2009), Miren Eskarne Fuldain farmazialaria (2007) eta Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Farmazia Fakultatea (2005).