"Perlak" atala Donostia Zinemaldiaren sail independente bilakatu da

Actualizado: jueves, 17 enero 2013 15:01

DONOSTIA, 17 Ene. (EUROPA PRESS) -

Donostia Zinemaldiaren 61. ediziotik aurrera, orain artean "Zabaltegi" atalaren zati izan den "Perlak" izeneko film sorta atal independente bilakatuko da. Espainian estreinatu gabeko urteko film luzerik onenen sorta hautatua izango da "Perlak", kritikak txalotuak nahiz nazioarteko beste zinemaldi batzuetan sarituak, betiere. Donostia 61. Zinemaldia irailaren 20tik 28ra bitartean egingo da.

Antolakuntzak jakinarazi duenez, "Perlak" ataleko film guztiek dute Publikoaren saria jasotzeko aukera, eta ataleko film bakoitzaren lehen proiekzio publikora agertzen diren ikusleek emango dute saria.

Publikoaren saria filma Espainian banatzen duen erakundearentzat izango da, eta bi sarik osatzen dute: lehen saria, 60.000 eurokoa, boto gehien biltzen dituen filmarentzat, eta 20.000 euroko bigarren saria, ikusleen boto gehien jasotzen dituen eta osorik nahiz zati batean Europan ekoitzitako film onenarentzat.

"Zabaltegi", berriz, urteko zinema-proposamen harrigarrienei eta erakargarrienei irekitako atal bihurtu da. Lehiaz kanpoko atal honetan ez dago arau formalik ezta gai-mugarik ere. Hala, berriro heldu nahi dio Zinemaldiak Zabaltegiren jatorrizko izaerari, atzera ere programazioaren barruko benetako gune ireki izan dadin.

Erabaki horrekin, Donostia Zinemaldiak iaz hasitako atalen berritzearekin jarraitu nahi du; orduan, "Zuzendari Berriak" atal independente egin zuen.