Perretxikoak identifikatzeko zerbitzua zabalduko du bihar Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak

Actualizado: domingo, 9 octubre 2011 13:36

BILBO, 9 Oct. (EUROPA PRESS) -

Bilboko Udalak perretxikoak identifikatzeko zerbitzua zabalduko du bihar, urriaren 10ean. Zerbitzu hau Osasun eta Kontsumo Sailean egongo da zabalik azaroaren 29ra bitartean, astelehenetan eta astearteetan, 9:00etatik 11:00etara.

Hala ere, Bilboko Udalak jakinarazi duenez, urriaren 24an, 25ean eta 31n eta azaroaren 1ean ez da zerbitzurik eskainiko, baina bai urriaren 26an eta 27an eta azaroaren 2an eta 3an, kasu bietan asteazkenean eta ostegunean.

Jendeak batzen dituen perretxiko-aleak jatekoak diren edo ez zehazteko da zerbitzu hau. Perretxikoak batzeko zaletasunak gora egin duenez azken urteetan, gerta daitezkeen intoxikazioak saihestu nahi dira zerbitzu honen bidez.

Bilboko Udaleko Osasun eta Kontsumo Sailak batutako perretxiko-mota bakoitzaren ale bat baino gehiago eramatea gomendatzen du (hanka osorik dutela aterata eta ebaki barik), beste espezie bateko aleekin nahastu barik. Ahal dela, ale haziak eta zindoak (harrik gabekoak) batu behar dira eta gomendagarria da batu dituenak berak eramatea, inguruari eta habitatari buruzko zehaztasunak eman ditzan.

Perretxikoak batu eta ahalik arinen egin behar da kontsulta (pare bat egun asko jota). Perretxikook plastikozko poltsetatik kanpo gorde behar dira, zabal-zabal jarrita eta hozkailuaren beheko aldean, sorki lehor eta garbiaz estalita. Ez dira garbitu ez izoztu behar harik eta zelakoak diren jakin arte, usaina eta kolorea galtzen dutelako, eta ez dira ontzi berean gorde behar bestelako perretxikoekin.