Pertsona bati sakeleko telefonoa lapurtu dion 19 urteko gizon bat atxilotu dute Bilbon

Actualizado: lunes, 24 noviembre 2014 17:42

BILBO, 24 Nov. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 19 urteko gizonezko bat atxilotu zuten igandean Bilbon, telefono mugikor baten lapurreta egotzita. Ekaineko Koba kaleko zaborrontzi batean ezkutaturik aurkitu zuten gaztea, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.

Gertakariak igande goizean izan ziren, Bilbon. Lapurra Arriaga plazan telefono mugikorra erabiltzen ari zen herritar bati hurbildu zitzaion atzetik, eskutik telefonoa kendu zion eta San Nikolas elizarako norabidean joan zen korrika.

Biktima eta gertakarien lekuko izan zen lagun bat lapurraren atzetik joan ziren "lapurra, lapurra" oihuka. Orduan, bidean zegoen beste herritar batek lapurra zangotrabatu zuen eta, ondorioz, lurrera erori zen. Hala, biktimaren lagunak telefonoa berreskuratu ahal izan zuen, baina ezin izan zuen lapurra harrapatu.

Handik minutu gutxira, lekuraino joan zen Ertzaintzaren patruila batek lapurra aurkitu zuen, Ekaineko Koba kaleko zaborrontzi baten barruan ezkutaturik, eta 19 urteko gaztea atxilotu zuen.