Pettik kontzertu "berezia" eskainiko du larunbatean Donostiako Kursaalen

Actualizado: jueves, 19 febrero 2015 17:32
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

DONOSTIA, 19 (EUROPA PRESS)

   Pettik kontzertu "berezia" eskainiko du Donostiako Kursaalen larunbat honetan, otsailaren 21ean, "taula gainean taldearekin jotzen gehien gozatzen dudan abestiak aukeratu ditudalako", Berako musikariak berak azaldu duenez. "Astirtitan" bere bakarkako azken lanean bildutako abestiak eta aurreko diskoetako "kanta kutunak" interpretatuko ditu Kursaalen.

   Petti musikagile, abeslari eta gitarra jotzailea Beran (Nafarroa) jaio zen 1973an. Bere musika rock, folk rock, postrock edo minimalismoan sailkatu ohi dute, eta Mark Lannegan, Tom Waits eta Mikel Laboarekin ere alderatu izan dute, "berezko nortasuna" duen arren. Bere ezaugarri nagusiak "erraietatik ateratzen den ahots urratu eta sakona, bluesaren arimaz kutsaturiko kantuak, gitarra jotzeko trebezia, eta taula gaineko indarra dira".

   Musikarekin lehenengo kontaktua Noise Hole taldean izan zuen, 16 urterekin. Geroago, bide esperimentalago bati ekin zion Zup taldearekin batera, baina 1997ra arte ez zen bakarka aritzera ausartu. Lehenengo diskoa "Amets bat" izan zen (Gaztelupeko Hotsak, 1999); hartan, Billy Bragg, Nick Cave eta Nick Drakeren eragina nabaritzen da.

   Ordutik, hainbat lagun izan ditu alboan, gehienak, Berako musikariak. Bernardo Goietxek (Morau eta Agotak) lagundu dio beti koruetan eta hitzak idazten, adibidez. Bi urte geroago, "Arrazoiak" (Gaztelupeko Hotsak, 2001) kaleratu zuen. Arima rockzalea duen diskoa izan arren, folkera begira jarri zen bakarlari beratarra, abestiak gitarra eta ahots soilez eratuz.

   "Etxeko uzta" hirugarren lana (Gaztelupeko Hotsak, 2002) izen bereko taldearekin grabatu zuen. Disko elektrikoa da, Pettik grabatu duen rockeroena, eta 2003ko Gasteizko Azkena Rock jaialdian aurkeztu zuen. Halaber, zenbait kontzertu eman zituen Terry Lee Hale kantautore estatubatuarrarekin Euskal Herrian eta Espainian zehar. Anariren "Habiak" (Esan Ozenki, 2000) diskoan kolaboratu ondoren, "Anari ta Petti" EPa egin zuten elkarrekin (Metak-Pil Pil Sessions, 2003).

   Pettiren hurrengo lana beste disko partekatu bat izan zen, "Hauxe" (Gaztelupeko Hotsak, 2006), Rafa Rueda eta Txuma Murugarrenekin. Bost urtean bakarkako diskorik kaleratu gabe igaro ostean, "On" (Gaztelupeko Hotsak, 2007) plazaratu zuen. Folk kanta biluziak, blues gordina, soul iluna eta pop harribitxiak topa daitezke doinuen aldetik Pettiren lanik osatuena den horretan.

ZUZENEKOA

   Hurrengo lana "Awañak" izan zen (Bonberenea Ekintzak, 2008), Rafa Aceves pianistarekin (Mamba Beat), Tolosako Bonberenean grabaturiko zuzeneko diskoa. 2009ko uztailean, berriz, Katarain estudioan sartu zen Barrence Withfield kantari estatubatuarrarekin, eta egun gutxitan disko bat grabatu zuten: "Barrence Whitfield eta Petti & The Bloodyhotsaks" (Bloody Hotsak, 2009). Hainbat kontzertutan aurkeztu zuten diskoa.

   Ondoren, Xabi Garre abeslari eta gitarrista donostiarrarekin (Senor No) kontzertu akustikoak ematen hasi zen. Rock & roll, rhythm & blues eta soul egileen bertsioak eskaintzen zituen bikoteak (Ray Charles, David Bowie, Andre Williams, Jimi Hendrix, Rory Gallagher). Abesti horietako batzuk disko batean jaso zituen: "Xabi ta Petti" (Gaztelupeko Hotsak, 2012).

   2013an, Balerdi Balerdi taldean jotzen hasi zen, eta hurrengo urtean, oraingoz bere azken diskoa dena argitaratu zuen: "Astirtitan" (Bonberenea Ekintzak, 2014). Diskoak bost kanta eder biltzen ditu. Azalak adierazten duen bezala, "lan iradokitzailea eta erakargarria" da, berezia erabat. Abesti guztien musika Pettik konposatu du. Pettik berak "Egunero" eta "Argiak" kanten hitzak idatzi ditu, Harkaitz Canok "Suerteren Bluesa" eta "Erramurik gabeko gauak" kantenak, eta Bernardo Goietxek "Hil arte edan" kantuarena.

   Bakarkako eta askoren artean egindako diskoetan ez ezik, ez da arraroa bere ahotsa zein gitarra sumatzea beste abeslari eta talde askoren diskoetan, kolaborazio ugari egin baititu.

   Modu honetan, Petti Kursaalen izango da larunbat honetan, Joseba Irazoki (gitarra), Iñigo Telletxea (baxua), Igor Telletxea (bateria), Osoron (gitarra), Luis Mari Moreno 'Pirata' (saxoa), Txus Aranburu (teklatuak), Xabi Garre (gitarra) eta Estitxu Pinatxo (ahotsa) ondoan dituela.