Pharoah Sanders Getxoko Jazzaldian, John Abercrombie ordezkatuz

Pharoah Sanders
GETXOKO JAZZALDIA
Actualizado: miércoles, 26 abril 2017 13:06

BILBO, 26 (EUROPA PRESS)

Pharoah Sanders jazzaren abangoardiako saxofoi jotzaile ezagunenetarikoa Getxoko Jazzaldian izango da ekainaren 29an. Sanders John Abercrombieren ordez ariko da, gitarra jotzaileak bertan behera utzi baitu Getxon (Bizkaia) egun horretan eskaini behar zuen saioa osasun arazoak direla eta, Getxoko Jazzaldiaren arduradunek iragarri dutenez.

Pharoah Sanders (1940, Little Rock, Arkansas, AEB) rhythm & blues bandetan jotzen hasi zen musika profesionalean. 1950eko hamarkadaren amaieran Kaliforniara joan zen bizitzera eta bertan, 19 urte baino ez zituela, artista ospetsuekin jotzen hasi zen, esaterako, Sonny Simmons, Dewey Redman eta Phily Joe Jonesekin. 1962an New Yorkera joan zen eta laster nabarmendu zen free jazz estiloaren abangoardiako musikarien artean.

1960ko hamarkadan Charles Moffetten taldean sartu zen eta lehenengo diskoa grabatu zuen. Bere soinua ez zitzaion oharkabean pasatu Ornette Coleman handiari eta elkarlanean aritu ziren Colemanen "Chapaquua" diskoan, arrakasta handia lortuz. John Coltranek ere deitu zion bere free jazz estiloko lan ospetsuenean parte hartzeko: "Ascension". Hortik aurrera, Sandersek Coltranen bandan jarraitu zuen, musikari handia hil zen arte.

Coltranen eskutik, Sandersek bere lekua egin zuen jazzaren eszenan eta 1966 eta 1971 artean disko bikainak grabatu zituen lider gisa, "Karma" nabarmenduz. Impulse diskoetxea utzi eta gero, 1980ko hamarkadan berriz agertu zen Timeless etxearekin grabatzen. Garai horretako diskorik ospetsuena "Africa" izan zen, bere jagole izan zenaren omenez.

Getxoko Jazzaldirako sarreren salmenta maiatzaren 2an hasiko da, ohiko salmenta guneetan: Kutxabankeko orotariko kutxazainetan, www.kutxabank.es webgunean, Algortako Kultur Etxean eta 94 491 40 80 telefonoan (Kultur Etxea).