Piarres Charritton euskaltzain emeritua hil da

Piarres Charritton
EUSKALTZAINDIA
Actualizado: viernes, 17 marzo 2017 12:43

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

Piarres Charritton euskaltzain emeritua hil da, Baionan, 95 urte zituela, Euskaltzaindiak jakinarazi duenez. Filosofian lizentziaduna, Teologian eta Euskal Ikasketetan doktorea, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakasle izateari utzi eta erretiroa hartuta zegoen, aspalditik. Euskaltzain urgazle izendatu zuten 1950eko urriaren 27an, eta euskaltzain oso 1985eko uztailaren 19an (sarrera hitzaldian Piarres Lafitteren bizitza eta lana gogoratu zituen). Euskaltzain emeritua zen 2006ko uztailaren 20tik.

Hazparneko (Lapurdi) Ehulateia etxean sortu zen Piarres Charritton Zabaltzagarai, 1921eko urriaren 19an, laborari familia batean. Gaztea zela abiatu zituen apaizgai klasikoaren ikasketak Hazparnen, Uztaritzen eta Baionan, eta 1947an apaiztu zen. Erroman goi teologia ikasketak eta filosofiakoak Parisen egin ondoren, irakaskuntzan jardun zuen hainbat postu eta mailatan, oinarrizko irakaskuntzatik unibertsitateraino. 1970eko hamarkadan apaiz izateari utzi zion eta familiatu zen.

Jarduera intelektual bizia izan du gazte-gaztedanik; artikulu anitz eta hainbat obra argitaratu ditu, batez ere euskaraz, baina baita frantsesez ere. Ele indartsuko gizona, besteak beste, Jean Etxepare medikuaren eta Piarres Lartzabal idazle eta antzerkilariaren lanen biltzaile, langile harrigarria eta ekintzaile etengabea izan zen Charritton.

"Euskara ezpainetan, dotorezia mintzairan, bikaintasuna idazkeran. Halakoxea zen Piarres", esan du Andres Urrutia euskaltzainburuak. "Labayruren Ikastaroetan ezagutu nuen, urte asko direla -gogoratu du Urrutiak-, bera irakasle eta ni ikasle. Egia esan, berebiziko indarra zerion hari, Iparraldeko euskararen nondik norakoak hitzez eta letrez erakusten eta irakasten zizkigula".

Urrutiak azaldu duenez, "euskararen klasikoak barne-barnetik maitatu eta gure eskuetan jarri zituen, mintzaira zaindu baten bidez. Sona handiko euskal maisuen argitarazlea, erretorikak ez zeukan berarentzat ez bihurgune ezta ezkutuko lekurik. Euskara ezpainetan, dotorezia mintzairan, bikaintasuna idazkeran. Halakoxea zen Piarres Charritton. Euskararen sua eta garra, molde horretan gogoratuko dugu, gaurgero, gure euskaltzainkidea".