Pier Paul Berzaitzek sustatu duen "Egunsentiaren Kantak" ikuskizuna, Bilboko Arriaga antzokian

Ikuskizunean izango diren kantari eta musikarietako batzuk
Foto: ARRIAGA ANTZOKIA
Actualizado: miércoles, 4 marzo 2015 14:37

BILBO, 4 (EUROPA PRESS)

   Bederatzi euskal musikari bilduko dira Bilboko Arriaga antzokiko oholtzan datorren igandean, martxoaren 8an, Pier Paul Berzaitz abeslari zuberotarrak bultzatutako "Egunsentiaren Kantak" ikuskizunean. Berzaitzekin batera, nortasun handiko beste hiru kantari agertuko dira: Erramun Martikorena, Magali Zubillaga eta Estitxu Pinatxo. Lauren artean "testu bikain bezain politak" abestuko dituzte, lehen mailako bost musikari lagun izanda: Iosune Marin (gitarra), Michel Longaron (bateria), Txema Garcés (kontrabaxua), Alan Griffin (flauta) eta Joxan Goikoetxea (pianoa, akordeoia eta teklatuak).

   Ikuskizuna aurkezteko Arriaga antzokian izandako prentsaurrekoan azaldu dute Pier Paul Berzaitz eta Xabier Lete adiskide izatetik sortu zela proiektu hau. "Egunsentiaren es ku izoztuak" izeneko Leteren azken poema liburuko hainbat poesia musikatzearen enkargua eman zion autoreak espresuki Berzaitzi, bere azken borondatea aitortzerakoan, eta Berzaitzek lan horri ekin zion, horretan bost urte eman dituelarik.

   Emaitza gisa, beraz, "Egunsentiaren Kantak" ikuskizunean ezagutzera emango diren kanta eta abesti gehienak (bederatzi guztira) "Egunsentiaren esku izoztuak" hartatik aukeratutako testuetan oinarritutakoak dira.

   "Sentiberetasunez eta sakontasunez beteriko sorta ederra" gauzatu du Pier Paul Berzaitzek konposatu dituen kantekin: "Hiri maiteak", "Esku hutsik hiltzen gara", "Imanol Larzabal laguna zenari" "Nire aita zenari", "Eternitatea" eta abar.

   Xabier Leteren liburuan oinarritutako kantez gain, abesti tradizionalak ere izango dira, hala nola dagoeneko euskal kantategiaren klasikoak diren Berzaitzen "Baratze bat" edo "Herria zain" abestiak, eta Erramun Martikorena edo Imanolen doinuak. Laster, errepertoriotik hautatutako 13 kantez osatutako CD bat argitaratzea da helburua.

   Sarrerak -8,50 eta 25 euro artean- salgai daude www.teatroarriaga.com webgunean, 946 850 850 telefonoaren bidez edota antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.