Pilar Unzaluk Ecoeuskadi 2020 Estrategia, Ekoefizientzia Euskal Enpresan eta EAEko ur politika aurkeztuko ditu Europan

Actualizado: lunes, 10 octubre 2011 20:01

BILBO, 10 Oct. (EUROPA PRESS) -

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Arrantza eta Nekazaritza sailburu Pilar Unzaluk EcoEuskadi 2020 Garapen Iraunkorrerako Estrategia, Euskal Enpresarako 2010-2014 Ekoefizientzia programa eta Ur Agentziaren bitartez garatzen ari den Euskadiko ur politika aurkeztuko ditu Bruselan bihar, urriaren 11n.

Unzaluk Eusko Jaurlaritza bultzatzen ari den gai horiek aurkeztuko dizkie Europako Ingurumen komisarioa den Janez Potocniki eta beste eskualdeetako ingurumen ministroei, EcoEuskadiren kasua azpimarratuz, "hori izango baita Europa Hegoaldeko garapen jasangarriko politiketan Euskadi abangoardian jarriko duen estrategia", Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Arrantza eta Nekazaritza Sailetik adierazi dutenez.

EcoEuskadi 2020 estrategiak bete-betean egiten du bat Europa 2020 estrategiarekin, baina haratago joan nahi du, "proposatzen ditugun ekimenen artean Euskadiko administrazio guztien arteko elkarlana bultzatzen baita, batez ere, alor ekonomikoan, sozialean eta ingurumenekoan garapen jasangarri bat izan dezagun".

Unzaluk azpimarratu duenez, "EcoEuskadi gizartearen, administrazioaren eta enpresa munduko eragile guztien partehartze sozialaren bitartez jaio eta garatu da eta, horri, euskal gazteen partehartzea eta inplikazioa gehitzen badizkiogu, landuko dugun egitura eta bizimodu berri bati legitimazio osoa ematen dio".

Bestetik, Euskal Enpresarako 2010-2014 Ekoefizientzia programa nabarmendu du Unzaluk, non 200 enpresa baino gehiagok parte hartu duten. Programaren helburua alor publiko eta pribatuaren arteko ardura partekatua duen eskema sortzea da, batez ere, "gure merkatuetan gero eta beharrezkoagoak diren ingurumen aldagaiak enpresetan barneratu daitezen eta horiek lehiakorragoak izan daitezen".

Azkenik, sailburuak Euskal Autonomia Erkidegoko barne-arroetako Plan Hidrologikoa osatzeko egin diren lanak azalduko ditu, bai eta uholdeen aurreikuspenetan burutu diren ekintzak ere, hala nola ubideak oztopatzen dituzten azpiegiturak ezabatzea eta Uholdeen Alerta Goiztiarrerako sistema ezartzea.