Pisukidea pistola batekin mehatxatu duen gizon bat atxilotu dute Barakaldon (Bizkaia)

Actualizado: miércoles, 8 junio 2011 17:33

BILBO, 8 Jun. (EUROPA PRESS) -

Ertzaintzaren agenteek 51 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo Barakaldon (Bizkaia) herio-mehatxuak egiteagatik eta armak legez kanpo izateagatik. Pisukideak salatu zuen atxilotuak pistola batekin mehatxatu zuela, eta agenteek koltxoi baten azpian aurkitu zuten arma atxilotuaren gelan, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez.

Atxiloketa atzo goizean gertatu zen, Barakaldoko Lutxana auzoan. Emakume bat ertzain-etxean agertu zen eta bere pisukideak pistola batekin hainbat herio-mehatxu egin zizkiola salatu zuen. Biak lagunak besterik ez zirela adierazi zuen.

Biktimaren arabera, duela hilabete batzuk gela bat eskaini zion lankide ohi bati, egoera ekonomiko txarrean zegoelako. Hasieran, bien arteko harremana ona izan zen, baina denborarekin okertzen joan zen. Zenbait mehatxuren ondoren, eta gizonezkoak etxetik alde egin nahi ez zuenez, emakumeak egoera salatzea erabaki zuen.

Ertzaintzaren zenbait patruila biktimaren etxebizitzara joan ziren eta, susmagarriaren gela ikuskatu ondoren, pistola koltxoi baten azpian ezkutatuta aurkitu zuten. Horregatik guztiagatik, ertzainek gizonezkoa atxilotu zuten, mehatxuen eta armak legez kanpo izatearen delitua leporatuta.

Atxilotua ertzain-etxera eraman zuten ohiko eginbideak burutzeko, eta ondoren, aske utzi zuten, baina datozen orduetan agintaritza judizialaren aurrean agertu beharko da.