Pixies 2016ko Bilbao BBK Live jaialdian izango da

Actualizado: martes, 17 noviembre 2015 12:36

BILBO, 17 (EUROPA PRESS)

   Pixies estatubatuarra izango da 2016ko uztailaren 7, 8 eta 9an Kobetamendin ospatuko den Bilbao BBK Live jaialdiko lehenengo talde burua. Indie rock alternatiboko erreferentziazko taldea da Pixies, eta jaialdi bilbotarreko hamaikagarren edizioan joko du, antolakuntzak astearte honetan jakinarazi duenez.

   1990ko hamarkadako rock alternatiboa ulertzeko "ezinbesteko taldeetako bat da" Pixies, eta "Surfer Rosa" eta "Doolittle" lehenengo bi diskoak 'Rolling Stone' aldizkariaren "Betiko 500 Disko Onenak" zerrendako postu altuetan ageri dira. Bostoneko taldeak bidea ireki zien ondoren agertu ziren noise pop, punk pop eta rock alternatiboko taldeei, Nirvana, Radiohead, Pearl Jam edota Weezer moduko banden erreferentzia izanik.

   Black Francis (edo Frank Black) buru dela, Pixies 1986an sortu zen Bostonen, eta 1993ra arte jotzen ibili zen, barne liskarren ondorioz banandu arte. 2004an hasierako lau kideak elkartu ziren (Black Francis, Joey Santiago, Kim Deal eta Dave Lovering), Minneapoliseko The Fine Line Music Cafe aretoan jotzeko, eta ondoren bira bat egin zuten Brasil, Europa, Japonia eta AEBetatik, jarraitzaileen harrera oso onarekin.

   2013an, Kim Deal baxu jotzaileak taldea uzten zuela jakinarazi zuten, bere ibilbideari ekiteko, eta Paz Lenchantín argentinarra sartu zen taldean. Berarekin helduko da Pixies 2016an Bilbora, taldeak Euskal Herrian azken bi hamarkadetan emango duen lehen kontzertuan.

   Pixies taldeak "Indie Cindy" argitaratu zuen 2014an, 20 urte baino gehiago disko berririk kaleratu gabe egon ondoren, eta lan horretako eta "Where's My Mind?", "Here Comes Your Man" edo "Isla de Encanta" moduko abesti mitikoak entzun ahal izango dira 2016ko uztailean Kobetamendin.