Poesia Topaketen bosgarren edizioa ospatuko da aste honetan Donostiako Koldo Mitxelenan

Actualizado: lunes, 13 febrero 2012 12:58
cia" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

DONOSTIA, 13 (EUROPA PRESS)

   Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneak eta Irungo Kabigorri Elkarteak elkarren segidako bosgarren urtez antolatu dituzte Poesia Topaketak, "Hitza badugu" goiburupean. Topaketek zuzeneko poesia hurbildu nahi diete entzuleei eta lau saio eskainiko dituzte asteartetik ostiralera bitartean, euskarazko eta gaztelaniazko proposamenak bateratuta: bi euskaraz eta beste bi gaztelaniaz.

   Antolatzaileek jakinarazi dutenez, errezitaldi guztiak Koldo Mitxelena Kulturuneko ekitaldi aretoan izango dira, arratsaldeko 19:30ean hasita. Otsailaren 14an, asteartean, Leire Bilbaok "Scanner" izeneko bere bigarren poema-liburuaren errezitaldia emango du, euskaraz, Domentx Ucin biolin-jotzailea lagun duela.

   Asteazkenean, otsailaren 15ean, bi poema-liburutan oinarritutako errezitaldia aurkeztuko da: "Orain badakit", Tere Irastortzarena, eta "Itsaso kontra bat", Karmele Igartuarena (Aretxabaletako poeta, 2010ean hila). Hitzak ez ezik -Tere Irastortzak berak eta Itziar Gomezek irakurriko dituzte-, argazkiak ere aurkeztuko dira -Izaskun Etxeberriak Igartuaren Itsaso Kontra bat libururako egindakoak-, eta jatorrizko musika ere joko da -Aitor Furundarenak eta Iñaki Telleriak libururako konposaturikoa-.

   Ostegunean, otsailaren 16an, Kabigorriko lagunak ariko dira: Javi Sistiaga (errezitatzailea), Esther Barandiaran (pianoa), Raffaela Acella (biolina) eta Ian Swedlund (biolontxeloa). "La Noche Roja" errezitaldia aurkeztuko dute, olerkari hauen poesietan oinarrituta: Anna Ajmatova, Boris Pasternark, Osip Mandelshtam eta Marina Tsvetaeva. Poeta horiek guztiak sobietar zentsuraren eta errepresioarenpean aritu ziren sorkuntzan. Errezitaldiari lagunduko dion musika, bizi izan zuten garaiarekin bat etorrita, Dmitri Shostakovichena izango da.

   Errezitaldi sailaren amaiera Kabigorriko lagunek beraiek egingo dute, ostiralean, otsailaren 17an, eta musikaren historiako opera-ariarik ederrenetako batzuetan oinarritutako poesia errezitaldia eskainiko dute. Saio guztietarako sarrera dohainik izango da, eserleku guztiak bete arte.