BILBO 17 May. (EUROPA PRESS) -
Politburo Recording Fiasco diskoetxe autogestionatuak Politburo Fest izeneko jaialdia antolatu du Laudioko gaztetxean larunbat honetan, maiatzaren 18an, Criatura, Viva Bazooka, Al Infierno en Goitibera, Los Nitxos eta La Hora del Primate taldeekin. Kontzertuak 21:00eta hasiko dira eta sarrerak sei euro balioko du. Gainera, jaialdiaren aurretik eta bitartean banatzaileen guneak izango dira.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, Politburo Recording Fiasco 2007an sortu zen zigilu autogestionatua da. Orain arte, bost erreferentzia kaleratu ditu, batzuk bakarka eta beste batzuk zigilu eta kolektibo ezberdinekin elkarlanean.
Orain, "jarraitzeko asmorik ez duen" jaialdia antolatu dute diskoetxeko arduradunek, DDT Banaketak-en eta Laudioko Gazte Asanbladaren laguntzarekin, eta elkarrekin kolaboratu izan duten edota, "besterik gabe, gustatzen zaizkigun" bost talde bildu dituzte: Criatura, Viva Bazooka, Al Infierno en Goitibera, Los Nitxos eta La Hora del Primate.
Criatura Zaragozakoak dira eta hamarkada bat baino gehiago daramate jotzen. Urteotan, hiru LP eta zenbait EP kaleratu dituzte, bat Politburo taldearekin batera, hain zuzen ere, Politburo Recording Fiasco diskoetxearen lehenengo erreferentzia izan zena. Pop, metal eta punk doinuak uztartzen dituzte, bi ahots oso bizirekin.
Viva Bazooka bikote gasteiztar-uruguaiar bat da, urte frenetikoa izaten ari dena, ia astebururo jotzen baitu. No wave, jazz, noise, hardcore eta buruan duten edozein doinu musikara eramaten dute, eta hori guztia islatu dute "Adelante punk, báilame el día" biniloan, Politburo Recording-ek Bazooka RDS-ekin batera atera duen azken erreferentzia.
Al Infierno en Goitibera talde arabarrak BAP! eta RKL bezalako taldeen bigarren diskoetako hardcore klasikoko doinuak, Night Marchers-en eskolako rock garapenak eta errepika gogoraerrazak uztartzen ditu bere kantetan.
Los Nitxos taldearen ezaugarri nagusia erritmo monolitikoak dira, erraietako post punk eta garajea gogoratzen dutenak, eta azkenik, La Hora del Primate taldeak bere bigarren kontzertua izango dena eskainiko du, tartean eskarmentu handiko musikariak biltzen dituen arren, hala nola Elfo Negro, Münsterland eta Los Paniks taldeetakoak.