Praileaitzeko indusketan haitzuloaren sarrera berri bat aurkitu da

Praileaitzeko sarrera berria
Foto: GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Actualizado: miércoles, 30 julio 2014 13:40
av2" class="NormalTextoNoticia" itemprop="articleBody">

DONOSTIA, 30 (EUROPA PRESS)

   Praileaitz I haitzuloak garai batean zuen beste sarrera bat aurkitu dute bertan lanean aritu diren arkeologoek, eta horrela, Praileaitzek garai batean gutxienez bi sarrera izan zituela frogatu da.

   Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, aurkikuntzak garrantzi handia dauka bi ikuspegitik begiratuta. Horrela, alde batetik, Praileaitzeko haitzuloa uste zena baino konplexuagoa dela erakusten du aurkikuntzak, sarrera berria handia izan daitekeela uste delako.

   Beste alde batetik, ikuspegi arkeologikotik, atondoaren eskuinean dagoen galeria berrian aurkitutako material zaharren jatorrizko aztarnategia aurkitzeko aukera handia ematen du aurkikuntzak, hau da, aurkituriko sarrera eta galeri berriaren barne-barnean zeuden Neanderthal gizakiak egindako tresna solte batzuk, agian, urak eramandakoak edo gizakiek kobazulo barnean galdutakoak.

   Horrela, ondorioztatu daiteke orain aurkituriko sarreran zegoela jatorrizko aztarnategia, sarrera aldean bizitzen baitziren Paleolitoko gizakiak eta ez kobazuloen barne-barnean. Orain aukera berria zabaltzen da, ongi kontserbatuta badago, jatorrizko aztarnategia aurkitzeko, bai Goi Paleolitokoa bai eta Moustier Aldikoa ere.

ESKAERA

   Aurkitutakoaren garrantzia kontuan harturik, Gipuzkoako Foru Aldundiak Eusko Jaurlaritzari eskatu dio zabal dezala Praileaitzen inguruko babes eremua eta lehenetsi dezala ondarearen garrantzia beste kontsiderazio eta interes ekonomikoen aurretik. Aldundiak eskatu zuen, lehen ere, babesa 100 metrora zabal dadila eta Kosta Legeak babesten duena, Kultura dekretu baten bidez ere babes dezatela.

   Gipuzkoako Foru Aldundiak, bere aldetik, "bere esku dagoena egiten jarraituko du Praileaitz babesteko". Horrela, sarrera berriaren itxitura egin du berehala, eta sismografo jarraia dago kokatuta haitzuloaren barnean leherketen datuak zaintzeko. Arkeologo batek ikuskatzen ditu harrobiaren barnean azaltzen diren konduktu karstiko guztiak aztarnategi arkeologikorik ez dutela eta Praileaitzekin lotuta ez daudela ziurtatzeko.

   Halaber, datorren urterako aurrekontu berezia izango du foru erakundeak Praileaitzen indusketa sakon eta luzea egiteko, orain arte azaldutako guztiak aurreratzen duelako, Neanderthal garaiko aztarnak aurkituko ditugula.