Premia duten familientzako zentroa sortu dute BBK-k eta Bizkaiko Gurutze Gorriak eta Elikagaien Bankuak

Hiru erakundeetako ordezkariak
BBK
Actualizado: viernes, 20 abril 2018 17:17

BILBO, 20 (EUROPA PRESS)

BBK-k, Bizkaiko Gurutze Gorriak eta Bizkaiko Elikagaien Bankuak elikagaiak emateko lehen banaketa zentroa zabalduko dute irailean, gizartean bazterturik dauden edo geratzeko arriskuan daudenentzat. BBK Lagun Guneak deituriko proiektuaren helburua familientzako elikagai banaketak duintzea da, baita pertsona horiei arreta integraleko zerbitzua ematea ere, erantzun pertsonalizatuekin eta laguntasun adituarekin. Lehenengo banaketa zentroak autozerbitzu formatua izango du, eta eredu pilotua izango da 1.000 familia ingururentzat (2.400-3.000 lagun).

Bere arduradunek azaldu dutenez, zentroa elikagai banatzaile hutsa baino zerbait gehiago izango da, erabiltzaileek enplegua aurkitzeko aukerak hobetzeko gunea eskainiko baitu, etxeko ekonomiari buruzko tailer, gizarte laguntasun eta gizarteratzeko beste jarduera batzurekin: hizkuntzak ikastea, kulturen arteko programak edo haur eta familientzako laguntzak. Banaketa zentroak puntu sistemaren arabera funtzionatuko du. Horrela, erabiltzaileek erosketa zerrenda egin ahal izango dute eta elikagaiak jaso hitzorduak programatuz.

Eredu honek dagoeneko arrakasta nabarmena izan du San Adrianen (Nafarroa), Gironan edo Bartzelonan, eta orain Bilbora iritsi da, Bizkaiko Gurutze Gorriak eta Elikagaien Bankuak 30 erakunderen laguntzaz Bizkaian dituzten sareen banaketa sistema hobetzeko. Banaketa gune horiek orain inkomunikaturik daude, sakabanatuta, koordinazio txikiarekin, denboran barreiatuta (batzuetan hiru banaketa bakarrik egiten dira urtean), eta erabilera ezberdinarekin elikagaien kopuru eta barietateari dagokionez.

DUINTASUN BALDINTZAK

Elikagaien banaketan eskarmentu luzea metatu ostean, Bizkaiko Gurutze Gorriak eta Elikagaien Bankuak premia dutenei elikagaiak banatzeko sistema hobetu beharra ikusi dute, eta lehenik duintasun baldintzak hobetuko dituen formula erabili nahi dute, itxaroteko ilara barik edo aski ez diren sortak banatu barik. Sistemak laguntasun neurriak ere eman nahi ditu, Bilboko Udaleko eta Bizkaiko Aldundiko gizarte zerbitzuekin koordinaturik, pertsona hauei gizarteratzen laguntzeko.

Horrela, BBK Lagun Guneek "egungo ereduarekin bukatu" nahi dute. Banaketa zentroek elikadurako saltoki irudia izango dute, eta ez biltegiarena. Ordutegi finkoa izango dute eta astean lau aldiz zabalduko dira. Erabiltzaileei hilean bi hitzordu ezarriko zaizkie eta produktuen oinarrizko saskia bermatuko zaie, familia unitateko kideentzat egokituriko kopuruekin.

Eredu berria sare lanean oinarrituko da, eta erakunde publikoek eta gizarte erakundeek ahaleginak batuko dituzte. Gainera, enpresa munduaren gizarte erantzukizun korporatiboaren ekimena ere erakarri nahi da. Gehiago hedatu aurretik, Bizkaiko lehen zentro pilotuak ebaluazio prozesu bat izango du, ondoren Bizkaian beste banaketa gune batzuk irekitzea erabakitzeko.