Ramon Llull Institutuko zuzendari Vicenç Villatorok hitzaldi bat eskainiko du asteartean Donostian

Vicenç Villatoro
ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA

DONOSTIA, 7 Ene. (EUROPA PRESS) -

Katalan hizkuntza eta kultura kanpoan sustatzea xede duen Ramon Llull Institutuko zuzendari Vicenç Villatoro idazle eta kazetariak eta Andreu Bosch Hizkuntza eta Unibertsitateen alorreko zuzendaria Donostiako San Telmo Museoko "Badu, Bada - Euskara mundu eleanitzean" erakusketa bisitatuko dute astearte honetan, urtarrilaren 8an, eta "Lengua y cohesión social. La experiencia catalana" hitzaldia ere emango du, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.

Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez, mintzaldia Ramon Llull Institutuak berak antolatutakoa da, "Badu, Bada" erakusketaren ekintza programa aberatsaren baitan eta Etxepare Institutuaren babesarekin. Hitzaldia gaztelaniaz izango da, euskarazko aldibereko itzulpenarekin.

Vicenç Villatoro (Terrassa, 1957) idazlea eta kazetaria da. Idazle gisa dozena bat eleberri plazaratu ditu, hala nola "Evangeli gris" (1981), "Memòria del traïdor" (1996), "La claror de juliol" (1997), "Hotel Europa" (1992) eta "La ciutat del fum" (2001).

Kataluniako literatura sari garrantzitsuenak eskuratu ditu: Sant Jordi, Sant Joan, Ciutat de Barcelona, Ciutat de Palma, Prudenci Bertrana, Documenta, besteak beste. 2004an Carlemany saria jaso zuen "La derrota de l'àngel" eleberriarekin eta 2010ean Ramon Llull saria "Tenim un nom" lanari esker. Poesia, memoriak, zabalkundea edota saiakera alorrak ere jorratu ditu. Bere azken lana "Sense invitació" (2011) poema-bilduma da.

Kazetari den aldetik 'Diari de Terrassa', 'El Correo Catalán', 'Avui' eta TV3n aritu da beharrean. 'Avui' egunkaria zuzendu zuen 1993 eta 1996 artean. TV3ko Kultur Saileko zuzendaria ere izan da eta "Trossos" eta "Crònica3" saioetako zuzendari eta aurkezle. "Millenium" eta "De llibres" telebista saioak ere aurkeztu ditu.

Kataluniako Irrati eta Telebistako zuzendari izan zen 2002tik 2004ra. Gainera, kolaboratzaile gisa ere aritu da beste hainbat komunikabidetan eta UABko Informazio Zientzien Fakultatean Iritzi Generoak gaia irakatsi du.

Villatoro Kataluniako Generalitateko Kulturaren Sustapenerako zuzendari nagusia izan zen (1997-2000), bai eta Parlament-eko diputatua, 1999 eta 2002 bitartean, CIU alderdiarekin. Fundación Enciclopedia Catalana-ko zuzendari, erakusketen komisario eta filmetako gidoigile ere izandakoa da.