Ramon Pellitero EHUko irakasleak Best Paper Awards 2016 saria lortu du

Ramon Pellitero irakaslea
EHU
Publicado: miércoles, 17 enero 2018 17:02

BILBO, 17 Ene. (EUROPA PRESS) -

Ramon Pellitero Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko irakasle atxikiak Best Paper Awards 2016 saria lortu du, informatika kategorian, International Association for Mathematical Geosciences erakundearen "Computers and Geosciences" aldizkari ofizialean argitaratutako artikulu batengatik.

Aldizkaria mundu osoko erreferentzia bihurtu da IKTen eta, batez ere, ordenagailuen erabileran, Lurraren Zientzien espezialitatearen barruan. Artikulua Europako sei unibertsitateko hamar egilek sinatu zuten, eta Pellitero irakaslea zen egile nagusia. Une horretan, Aberdeengo Unibertsitatean ari zen lanean, Eskozian, EHUk jakinarazi duenez.

Artikuluaren izenburua "GlaRe, a GIS tool to reconstruct the 3D surface of palaeoglaciers" da, eta 2016ko argitalpenik onenaren saria lortu du orain. Mundu osoan gehien erabiltzen den ArcGIS informazio geografikoko sisteman kargatzen den tresna bati buruzko artikulua da. Tresna horren bidez, gaur egun desagertuta dauden glaziarren azalera eta lodiera berregin daiteke.

Horretarako, izotzaren fluxua haren ezaugarri fisikoen arabera modelizatzen duten hainbat formula eta glaziarrak zeharkatzen zuen topografia ezagutzeko aukera ematen duen lurraren eredu digital bat erabiltzen ditu tresnak.

EHUko irakasleak azaldu duenez, "alde batetik, aurrekoak baino berregite fidagarriagoak egiteko aukera ematen du, izotzaren fisikan oinarrituta dagoelako, eta, bestetik, berregiteak askoz bizkorrago egiteko aukera ematen du, prozesua automatizatu egiten delako; hortaz, glaziarren errekonstrukzioa eskualde mailan egin daiteke".

Paleoglaziarren berregitea garrantzitsua da, glaziarrak klimaren "estazio meteorologikoak" bezalakoak baitira, hau da, "iraganeko glaziar baten azalera ezagutzen badugu, zer tenperatura eta prezipitazio mailatan garatu zen zehaztu dezakegu". "Glaziar horietako asko duela milaka urtekoak direnez gero, garai haietan klima nolakoa zen jakiteko erabil ditzakegu", adierazi du Pelliterok.

Gaur egun, EHUko Geografia, Historiaurrea eta Arkeologia Saileko irakaslea GlaRe erabiltzen ari da Europak Younger Dryas aroan zuen klima deskribatzeko (duela 12.000 urte inguru). Halaber, berregite paleoanbientalak egiteko erabiltzen ari da Iranen, Indian, Peruko Andeetan, Alpeetan eta Groenlandian.